Sokatira I Euskal Herriko Txapelketa
Abadiño eta Badaiotz buru direla abiatuko da zortzikoa
Abadiñoko probalekuan izango da estreinaldia, eta hasteko, gainera, txapela erabakita geratuko da 680 kilokoan. Etxeko taldeaz gain, Auzolan eta Amaiur ere bertan izango dira, nor baino nor.
Jon LEUNDA I
Abadiñon hasiko da gaur Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketa, eta gainera 680 kiloko finala jokatuko dute hasteko. Pisu honetan hiru talde besterik ez dira arituko, eta saio bakar batera jokatzeko hautua egin dute. Gainera, aurten inoiz baino motzagoa izango da lehiaketa, izan ere otsaileko azkeneko asteburuan Munduko Txapelketa jokatuko da Italian.
17.00etatik aurrera probalekuan neurtuko dira Abadiño, Amaiur eta Auzolan. Bizkaitar bat, nafar bat eta gipuzkoar bat izango dira aurrez aurre. Faboritoa, berriz, Abadiño izango da. Bizkaitarrak jaun eta jabe ari dira izaten azken urte hauetan, eta aurten ere garbi agertzen dira faborito.
Amaiur taldeak, ordea, gorakada nabarmena eman du, eta beraiek izan ziren laukoan abadiñarrak estu eta larri hartu zituzten bakarrak. Gaurkorako ere beraiengan dute zaleek itxaropena, Auzolanek zaila izango baitu bi hauen tartean sartzea.
Gainerakoan, mutilak beste lau pisutan ere neurtuko dira aurtengo txapelketa honetan, eta neskak, beste bitan. Txapelketa gaur hasi eta otsailaren 20an Arrigorriagan amaituko da. Mutiletan, 680koa jardunaldi bakar batera jokatuko da, eta hori, aurrez aipatu bezala gaur erabakiko da. 640koan, bi jardunalditara jokatuko da, eta 600ekoak eta 560koak, berriz, hiru jardunalditako saioak izango dituzte. Nesketan, bi pisuek, 540 kilokoak eta 500ekoak hiru saiotan geratuko dira.
Emakumezkoetan lau talde arituko dira bi pisuetan, eta laurak berdinak izango dira. Badaiotz, Ibarra, Beti Gazte eta Sakana izango dira lehian arituko diren taldeak. Dudarik gabe, Badaiotz taldea izango da garaipena erdiesteko faborito nagusia. Arabarrak beste guztien gainetik geratu dira azkeneko urte hauetan, eta amaitu berri den laukoan ere berretsi egin dute euren nagusitasuna.
Talde gehiago
Mutiletan, talderik gehienak pisu txikietan arituko dira, 600 eta 560 kilotan. 600ekoan, Ñapurrak, Berriozar, Sokarri, Barrundia, Amaiur eta Abadiño A eta B lehiatuko dira. 560koan, berriz, Ñapurrak, Berriozar, Sokarri, Baiona, Barrundia, Amaiur eta Abadiño izango dira lehiatuko diren taldeak.
Talderik gutxien 680koan izango dira. 640koan, berriz, bost izango dira, bertan arituko baitira Sokarri, Ibarra, Barrundia, Amaiur eta Abadiño. Uztaritze ere aritzekoa zen pisu batzuetan, baina azkenean lapurtarrek uko egin diote lehiaketari, eta ez dira arituko.
Abadiño da tiralaririk gehien duen taldea, eta aurten ere bi talde agertuko ditu, nahiz eta hori 600 kilotan bakarrik egingo duen. Beste batzuek, Auzolanek, esaterako, pisu bakar batean parte hartuko dute.
Txapelketa beti berezia izaten da Mundukoak daudenean, eta aurten ere horixe izango da. Abadiñoren eta Badaiotzen erronkak Euskal Herrikoa irabazteaz gain, Mundukoan ere urrezko dominaren bat kolkoratzea izango da, eta horretarako lan asko egin nahi dute txapelketa honetan. Denak ez badira ere, gehienak joan nahi dute Italiako txapelketara, eta mailarik onena erakutsi nahi dute gaur hasi eta otsailaren amaierara bitarte jokatuko den saioan.