Xabier Lete, Bernardo Atxaga eta Itxaro Borda, Arriaga antzokiko literatura jardunaldietan
Musika eta olerkia uztartu eta euskara sustatzeko asmoz, Bilboko Arriaga antzokiak Xabier Lete Joxan Goikoetxearekin, Bernardo Atxaga Juan Carlos Perezekin eta Itxaro Borda Pier Paul Berzaitzekin lotuko ditu.
GARA |
Literatura eta Musika Euskaraz programaren barruan euskal artista esanguratsuak bilduko ditu Arriaga antzokiak, hitza eta soinua elkartu eta errezitaldiak eskaintzeko asmoz.
Besteak beste, Xabier Letek, Bernardo Atxagak eta Itxaro Bordak poeta eta idazleak bilduko dira antzokiko foyerrera, urtarrilaren 12tik maiatzaren 10era bitarte.
Ekimenari Xabier Lete olerkariak emango dio hasiera datorren asteartean, urtarrilak 12, Joxan Goikoetxea soinu-jotzailearekin batera. Aspaldian lanik plazaratu gabe itzalean izan ostean, «Egunsentiaren esku izoztuak» argitaratu zuen iaz Letek Pamielan, eta Euskadi Saria lortu. Eta iaz lauzpabost saioetan egin zuten legez, lan horretan oinarrituta egingo dute errezitaldia.
Hurrengo hitzordua martxoaren 16an izango da, sona handiko Bernardo Atxaga idazle eta Juan Carlos Perezen musikaren eskutik. Beste musikari askok bezala -Ruper Ordorika edo Mikel Laboa esaterako-, Asteasuarraren hitzak behin baino gehiagotan musikatutakoa dugu mutrikuarra, Itoiz taldearen garaietatik, eta beste behin elkartuko dute beren talentua, honakoan Arriaga antzokian eta «Paradisuaz» izendatu duten emanaldian.
Behin negua igaro eta udaberrian sartuta, Itxaro Borda olerkariak Pier Paul Berzaitz musikariarekin uztartuko du ahotsa, Xanet Arozena gitarra jotzailearekin batera, maiatzaren 10ean, ekimenaren azken emanaldia eman eta Ipar Euskal Herriko olerki tradizionalak ezagutarazteko. Olerkari lapurtarra eta musikari zuberotarra elkarrekin lankidetzan arituak dira lehen ere, Oihenarten olerkiak ahotan hartuta, esaterako.
Sarrerak salgai dira
Hiru emanaldi hauen bidez, Bilboko Udaleko Euskara Sailak lehenengoz parte hartuko du Arriagako Kuartito programan, antzokiko foyerrean garatzen dena. Bertan, kontzertu, errezitaldi eta askari musikalak eskaintzen dira, besteak beste.
Aipatu hiru errezitalak dastatzeko sarrerak 10 euroan jarri dituzte eta dagoeneko salgai dira Antzokiko leihatilan, 944 310 310 telefonoan, BBK zerbitzu anitzeko kutxazainetan zein www.arriaga.com Internet atarian.