GARA > Idatzia > Kirolak

TRINKETEA

Datorren asteko Waltariren eta Ezkurraren arteko desafioak ikusmin itzela piztu du

p038_f02_5323.jpg

 J.L. I

Ikusmin handia piztu du Azkainen Waltarik eta Ezkurra II.ak jokatuko duten norgehiagokak. Desafioa antolatu du Azkaineko Herriko Etxeak, eta zaleek badute partida hau ikusteko gogoa. Hasiera batean gaurko iragarri baldin bazen ere, azkenean datorren larunbatean jokatuko da, urtarrilaren 16an, alegia, bi onenen arteko dema handi hau.

Buruz Buruko Txapelketa jokatzen ari da, eta bi hauek dira finalean izateko faborito nagusiak, baina oraindik lehiaketan sartu beharrik ez dutenez, ongi etorriko zaie heldu den larunbateko partida. Bestela ere ez da aspaldi elkarren aurka jokatu dutela, izan ere, orain dela bi aste neurtu ziren Superprestigioko finalean, eta orduan ere Waltari atera zen garaile.

Kubatarra bihurtu da urruñarraren amesgaiztoa, baina hurrengo asteko partida ezberdina da. Azkaineko trinketak zorua latza du, pilota ez da fite joaten, eta trinketa ez da amerikarrarentzat egokiena. Hala ere, dirua Waltariren alde aterako da datorren asteko partidan.

Ikusmina handia da, eta Azkaineko trinketa erabat betetzea espero da. Sarrerak ere merke jarri dituzte, eta horren aitzakiarik ez du inork izango. 16 urte bete bitarteko inork ez du ordaindu beharrik izango, eta hortik gorakoek, berriz, 10 euroan izango dute sarrera bat. Jaialdia bera, 16.00etan hasiko da, eta desafio honen aitzinetik, amateurren neurketa bat izango da ikusgai. Laduxe eta Hegiabehere Ibarbururen eta Berasategiren aurka arituko dira. Bi izarrek astebete gehiago izango dute orain prestatzeko.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo