GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Kartzelei ustel usaina darie, baina ez Danimarkan

Greenpeace-ko buru den Juan Lopez de Uralde donostiarraren kasuak haserre bizia eragin du espainiar iritzi publikoan. Danimarkan kartzelan eman dituen egunetan tratu krudela jaso du Lopez de Uraldek. Eta ez omen da onargarria zuzenbide estatu batean, Europaren erdian, presoek halako tratua jasan behar izatea. Ados, tamalgarria da. Baina haserre honen atzean jokabide hipokrita ezkutatzen da. Estatu espainoleko eta frantseseko kartzelak Europa osoan dira ezagunak beren erregimen gogorra eta bizi baldintza penagarriengatik. Gainera, euskal preso politikoen kasuan, egoera orokor horri estatuen politika zitala gehitu behar zaio. Politika honen funtsa presoa eta presoen Kolektiboa txikitzea da. Horretarako beren osasunarekin, bizi baldintzekin jokatzen dute estatuek. Baita beren senideenarekin ere. Hartara, preso hauen egoera bereziki larria da. Honen lekukotza eman dute presoek eurek, behin eta berriro. Euskal gizarteak ere gogor salatu du politika hau, azkenekoz joan den asteburuan, 44.000 pertsona bildu zituen manifestazio erraldoian. Atzo Etxerat elkarteak salatu zuenez Juan Jose Rego Vidal presoari bihotzekoak eman dio eta ospitalean dago. Preso hau eta gaixotasun larriak dituzten beste hamaika preso askatzeko eskaera behin eta berriz ukatu du espainiar Gobernuak. Ez dago Danimarkara begiratu beharrik, ezta gutxiago ere, egoera hau ikusi ahal izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo