GARA > Idatzia > Kultura

«Baryonyx» dinosauroaren hanka berreraiki du lehen aldiz Aranzadik

Errioxako Paleontologia Zentroan, elementu berri eta ikusgarri bat aurkeztu zuten atzo Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileek. Bi metro luzeko hanka bat da, duela 120 milioi urte itsasertzean ibiltzen zen «Baryonyx» dinosauroarena. Lehenengoz lortu dute berreraikitzea.

p056_f01_97x232.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Atzotik ikusgai dago Igean, Errioxako Paleontologia Zentroan, nolakoa zen Baryonyx dinosauroaren ezker hanka. Pieza ikusgarria da, 2,20 metro luzekoa, animaliaren tamaina ikaragarriaren adierazlea. Kalkulatu dutenez, zazpi metrora ailegatuko zen dinosauroa.

Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileek hanka nola aurkitu zuten eta nola berreraiki zuten kontatu zuten atzo arratsaldeko ekitaldian. Luis Ignacio Vierak eta Jose Angel Torresek oroitarazi zutenez, 1986an topatu zituzten izaki honen lehenbiziko aztarnak, Ingalaterran. Baryonyx (atzapar lodia) izena jarri zioten dinosauroari, bere 31 zentimetroko atzapar okerra zela-eta. Aurkikuntza hori aztertu eta Londresko British Museum Natural Historyra eraman zuten, baina hezurdurari hankak falta zitzaizkion. Ikerlari ingelesek femurraren goiko zatia soilik aurkitu ahal izan zuten.

Matelezur bat Igean

Aranzadiko kideek dinosauro baten matelezur puska bat atzeman zuten Igea Errioxako herrian. Ez zekiten zer dinosaurorena zen eta Londresera joan ziren baraila hori bertako museoko materialarekin konparatzera. Ingalaterrako aztarnak aurkitu zituen ikertzaileak berak, Angela C. Milnerrek, hartu zituen eta Baryonyx motakoa zela baieztatu zien.

2005ean Errioxako Paleontologia Zentroa zabaldu zuten. Aranzadiko aztertzaileek gainbegiratu eta diseinatu zuten, eta Igean topatutako masailezurra ikus daiteke bertan, Ingalaterrako dinosauroaren beste zati batzuen kopiekin batera, burezurrarena eta beso batena, besteak beste.

Urtebete geroago, orduko Igeako Udaleko zinegotzi batek, Pachi Saez Benitok, ondasun paleontologikoaren bilatzaile sutsua bera, dinosauro baten behatz-hezurrak izan zitezkeen aztarna batzuk topatu zituen. Aranzadikoei eta zentroko aholkulari zientifikoei berria eman eta aztertzeari ekin zioten. Hainbat hezur lortu zituzten: femurra, tibia, fibula, kalkaneoa, astragaloa, metatartsoa eta hankabiko dinosauro haragijale baten ezkerreko hanka bati dagozkion behatz-hezurrak. Angela Milnerrek tentuz aztertu zituen denak eta Baryonyx dinosauroarenak zirela ziurtatu zuen.

Ingalaterra eta Errioxa, lotuta

Igean aurkitutako hezur horiek aztertzen ari dira orain Aranzadin. Eta kopia zehatzak egiteko eta ezker hanka osorik berreraikitzeko baliatu dituzte. «Gorputza Ingalaterran zegoen eta hankak Errioxan», adierazi zuten ikertzaileek ironiaz. Orain dela 120 milioi urte Ingalaterra eta iberiar kontinentea elkartuta zeudela erakusten duen beste froga bat da.

Hanka aztertuta, dinosauro honek lesio bat jasan zuela jakin zuten ikerlariek: fibula (peronea) hautsi zuen eta bere kabuz osatu zitzaion; deformazio bat gelditu zitzaion, ordea. Erabat zuzena izan beharrean «S» forman tolestuta dago hezurra. Segur aski Baryonyxek erasotako beste dinosauro batek buztanarekin emandako defentsa kolpe baten ondorio da tolestura hori.

ZINEGOTZIA

Orduko Igeako Udaleko zinegotziak, ondare paleontologikoaren bilatzaile amorratua, dinosauro baten behatz-hezurrak izan zitezkeenak aurkitu zituen 2006an bere herrian. Aranzadikoei deitu zien.

arrisku berak

Dinosauroak deformazio bat du hezurrean. Paleontologoen arabera, halakoek bizidun guztiek, garai guztietan, antzeko arriskuak sufritu behar dituztela erakusten dute, bizirik irauteko borrokagatik.

Oinarrian, 50 zentimetroko oinatz handia

Errioxako Paleontologia Zentroan ikusgai jarri berri duten piezak Baryonyx dinosauroaren hankaren egitura azaltzen du. Hezurrak bi koloretan adierazi dituzte: ilunez, hankaren material originalaren kopiak; argiz, Ingalaterrako materiala eta antzeko neurriko beste teropodo batzuk oinarri hartuta berreraikitako elementuak edo zatiak.

Oinarria lizar egur bernizatuarekin egin dute eta faksimile bat gaineratu diote. Berreraikitako hankaren oinatzak 50 zentimetroko luzera du; Errioxako teropodo handienetako bat da, hortaz. Valdecevillokoen (Enciso) antzeko neurria du.M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo