Karlos Ibarguren Medikua
Atez ate osasuna banatzen
Hondakin guztiak nahasten ditugun momentuan arazo larria sortzen ari gara. Arazo ekonomikoa, baina batez ere osasun arazoa
Ez, ezin dut errazagoa eta erosoagoa izango denik esan. Ikasi eta ohitu arte behintzat zaramatika itzela aurreikusten dut. Alde ederra gaur egungoarekin: zaborra egunero atera, eroso zaiguna soilik birziklatu eta zerga jasangarri baten truke arazoa beste norbaiti endosatu. Larriena ohitu egin garela da. Hau iruditzen zaigu normala. Zaborra erosi (garesti askotan), etxera eraman eta nahi dugun gisara kudeatu. Baina ez da hala, hondakin guztiak nahasten ditugun momentuan arazo larria sortzen ari gara. Arazo ekonomikoa, baina batez ere osasun arazoa.
Horrela da gaia, sinple-sinplea. Gure kontsumo-ohiturek sortu duten zabor-pila kudeatzeko aukera asko ez dago. Gaur egungo erosotasuna mantentzeko aukera ere eskaintzen digute noski. Bizi zaitez lasai! Segi zaborra sortu eta nahi duzun bezala botatzen, guk zure bista aurretik kendu eta erre egingo dugu!
Zaborra erretzea osasungarria ez dela badakigu denok. Ez dago dioxinak osasunarentzat mesedegarri direla defendatzen duen inor. Denok dakigu azken belaunaldiko erraustegien azken belaunaldiko filtroek ez dutela arazoa neurri txiki batean murriztu besterik egiten. Zaborra erretzea problema begi-bistatik kentzeko modu errazagoa izan daiteke. Baina kontuz, nahiz egiak erreko duen norbaiten begia, arazoa begien aurretik kendu eta gure biriketara, gure zelula eta seme-alaben geneetara eramaten ari gara.
«Autozainketa» edo «norbere osasunaren zaintza» gaur egun Osasun sailburua den Rafael Bengoaren ahotik maileguan hartu ditudan hitzak dira. Guk inplikatu behar dugu gure osasunaren zaintzan, ezin dugu dena Osakidetzaren esku utzi. Eta ahal dela gaixotu aurretik egin behar dugu. Filtro eraginkor bakarra hau da, ez tximinia puntan jarritakoa.
Frogatu da gu inplikatuz gero, birziklatutako kopurua %20tik gutxienez %80ra igo daitekeela. Honek gutxienez bi abantaila ditu. Lehena arazoaren ardura hartzen dugula. Gure arazoa auzoan aztertu eta denon artean soluzio egokiena eztabaidatzeko aukera eman zaigu. Bigarrena, nahastutako zabor kopurua gutxitzean, orain arte bideragarriak ez ziren kudeaketa-aukerak sortzen direla. Errausketak ez du zentzurik hau horrela denean.
Zoritxarrez, hau lortzeko zorrotz jarri beharra dago eta zailagoa egiten zaiolako honetan inplikatzen ez denari belarritik tira egin beharko zaio. Baina beti izan da berdin gure gizartean. Istripuen ondorioz hildakoen kopurua jaisteko alkohola eta abiaduran muga handiak inposatu zaizkigu. Gure ohiturak aldatu ditugu. Alkoholik gabe eta polikiago gidatzea barneratu dugu. Eta hor daude emaitzak, istripuak nabarmen gutxitu dira eta hauen ondorioz hildakoen kopurua ere nabarmen gutxitu da. Emaitzak ikusi ondoren, ausartzen al da norbait mozkorturik gidatzeko eskubidea defendatzera? Zergatik defendatu orduan gure erosotasunaren truke inguruan minbizia barreiatzeko eskubidea? Osasunerako eskubidea ez baldin badugu, zein eskubide geratzen zaigu?
Tabakoa izan daiteke beste adibide bat. Gero eta leku gutxiagotan erre daiteke. Berehala legea zorroztu eta tabernatan erretzea debekatuko omen da. Tximinia batzuk itxi behar badituzte, zergatik ireki beste batzuk?
Ez dezagun gure osasuna zabortegira bota. Ez dezagun gure osasuna erre. Ni behintzat, gehiago kostatuko zaidan arren, buru-belarri murgilduko naiz atez ateko proiektuan. Benetan eskertzen diot gainera Oiartzungo Udalari nire osasuna kudeatzeko eman didan aukera. Mila esker benetan atez ate osasuna banatzeagatik.