Hautetsien AHTren kontrako mezua daramate usoek Parisera
Hamarka uso abiatu ziren atzo Parisera Hiriburuko supermerkatu handi bateko aparkalekutik. Aturri-Errobi Herri Elkargoko hautetsiek AHT berriaren kontrako iritzia hegaztien hanketan lotu eta airera bota zituzten. Azpiegitura berriari aurre egiteko une erabakiorra dela azaldu zuten Hiriburuko eta Mugerreko auzapezek. Hori dela eta, egoera objektibotasunez aztertuko duen bitartekari bat ezar dezan eskatu zioten Gobernuari.
Idoia ERASO
Hiriburuko auzapez eta kontseilari nagusi Alain Iriartek eta Mugerreko auzapez eta herri elkargoko presidente Roland Hirigoyenek Ahurtiko eta Lehuntzeko ordezkariak eta CADEko bozeramailea izan zituzten lagun. Hamarka herritar ere bildu ziren AHTren kontrako mezua zabaltzeko. Eskaera bat helarazi nahi diote Sarkozyren Gobernuari, egun dagoen trenbidea kontuan hartuko duen bitartekari bat ezartzea.
Objektibotasunez arituko den bitartekari hori iritsi bitartean, ekintzak derrigorrezkoak direla nabarmendu dute hautetsiek. Estatuaren eta Frantziako Trenbide Sarearen (RFF) aurrean presioa egiteko unea izanik, heldu den larunbatean Hendaian egingo den manifestaziorako dei sutsua egin zuten bi auzapezek. «Bi urte geratzen zaizkigu Gobernua trenak burdinbide zaharretik pasaraz ditzan konbentzitzeko», azaldu zuen Iriartek. «Hurrengo sei hilabeteak erabakiorrak izanen dira Parisen entzun gaitzaten», gaineratu zuen Mugerreko auzapezak.
Gidaritza Batzordeak urtarrilaren 11n ezagutzera eman zuen erabakiak hautetsien iritzia ez duenez kontuan hartu ilegala dela salatu zuen kontseilari orokorrak. Hori dela eta, bide politikoak soilik balioko ez balu bide juridikoa hartzeko prest direla gaineratu zuen.
Iriartek orain RFFk zifra eta aurreikuspen berriak ematea errefusatzen duela azaldu zuen, eta Citec kabinete suitzarrak egin zuen ikerketaren datuak ez dituztela kontuan hartu salatu zuen. Hirigoyenek, berriz, suitzarren ikerketa erabiltzeko eskaera egin zion RFFri.
Beste datu batzuk ozenki salatu ziren atzokoan. Herri Elkargoko 1030 etxebizitza ukituko ditu trenbide berriaren egitasmoak, aurrera eginez gero.
AHTren aldeko hautetsiak
Alain Iriartek bere herria ordezkatzen duten senataria eta eskualdeko kontseilaria azpiegituraren aldekoak direla azaldu zuen, eta horiek iritziz alda dezaten saiatuko direla gaineratuz. Hurrengo eskualdeetako hauteskundeen inguruan hiriburutarra honela mintzatu zen: «Gehiengoak trenbide berria defenditzen duten pertsonen alde ez bozkatzea espero dut». CADEko Victor Pachonek ere azpiegituraren alde dauden hautetsiak «zigortzeko» deia egin zuen.
Baionako geltokiaren proiektua, kokapena dela-eta, erabilgarritasun mailan «irrigarria» izango dela salatu zuen kontseilari nagusiak. «Gai horretan Jean Grenet engainatu egin dute», adierazi zuen Iriartek.
Roland Hirigoyenek azpiegituraren kontra dauden hiru elkargoetako presidenteak François Fillon lehen ministroarekin eta Garraio arloko estatu idazkariaren kabineteko zuzendariarekin elkartu zirela ekarri zuen gogora. Horri esker Ipar Euskal Herriko tarteari buruzko ikerketa sakonagoak lortu dituztela baieztatu zuen. Fretaren aurreikuspen berriak esaterako hurrengo Gidaritza Batzordean emango dira ezagutzera.
Abiadura Handiko Trenbide berriaren egitasmoak aurrera egiten badu, Hiriburu, Mugerre, Lehuntze eta Milafranga herrietan 1.030 etxebizitzari eragingo die. Desagertu edo zarata jasan beharko dute.
«Bi urte geratzen zaizkigu Gobernua trenak burdinbide zaharretik pasaraz ditzan konbentzitzeko», adierazi zuen Alain Iriartek. Roland Hirigoyenek «hurrengo sei hilabeteak erabakiorrak» izango direla esan zuen.
Ipar Euskal Herriko 159 herriko etxeak elkartzen dituen erakunde politikoak abiadura handiko trenbide berriaren kontrako iritzia plazaratu du. Biltzarra osatzen duten hautetsien administrazio kontseiluak mozio baterako egitasmoa aurkeztu du. Bertan egitasmoaren kontrako jarrera hartu duten hiru herri elkargoetako hautetsien iritziak entzunak izan daitezen eskatu diote Frantziako Trenbide Sareari eta Estatuari. Errobi, Hego Lapurdi eta Aturri-Errobi herri elkargoetako auzapezen salaketa nagusienetako bat emandako iritziak kontuan hartuak ez direla da.
Hiru herri elkargoek eskatzen duten bitartekariaren galdearekin bat egin du Biltzarrak. Egitasmoaren inguruan dauden hutsuneak argitzeko Hego Euskal Herritik helduko liratekeen merkantzien beharrei buruzko ikerketa sakonago bat ere erregutu du administrazio kontseiluak.
Gaur egun dagoen burdinbidearen erabilpenaren aldeko erabakia Citec ikerketan oinarritua dela azaldu dute Biltzarreko hautetsiek. Erabaki hau hartu dute ingurumenaren zaintzagatik eta baliabide publikoen erabilpen hobe baten alde egin behar delakoan. I. E.