Guggenheim bere sakelatik ordainduko ote duen galdetu dio Pastorrek Bilbaori
Guggenheim berria «bere poltsikotik» ordaintzeko prest azaldu da Jose Luis Bilbao, baina Jose Antonio Pastorrek ohartarazi duenez, egiatan, bizkaitarren diruaz ari da, Aldundiaren dirua ez baita berea.
GARA | BILBO
Jose Antonio Pastorrek Jose Luis Bilbaoren hitzak kritikatu zituen atzo. Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazi zuen berak ordainduko duela Urdaibaiko museoa, Lakuako Gobernuak laguntzen ez baldin badu. PSEko idazkari nagusiak ñabardura bat gaineratu zuen, ordea: ez da bere diruaz ari, bizkaitar guztienaz baino. «Bere sakelatik ordainduko du? Bere soldatatik aterako du?», galdetu zuen, eta bere buruari erantzun zion: «Badirudi ezetz».
Patxi Lopezen urte politikoari hasiera emateko ekitaldian egin zituen adierazpenok Pastorrek. «Bizkaian denak dira proiektu enblematikoak, azkenean bata bestearen atzetik pikutara doazenak. Aldundiaren kudeaketaren ezaugarriak porrota eta polemika dira, bizkaitarroi dirutza kostako zaigun azpiegitura kasu hartatik Alonsotegiko etxebizitza fabrikara edota Pazguren paper fabrikara», salatu zuen.
«Eta orain, modako `kanpaikada' Urdaibaiko Guggenheim megamuseoa da», gaineratu zuen. PSEko idazkari nagusiaren iritziz, Bilbaoren «apetak» dira horiek guztiak. «Egia da egunkarietako lehen orriak betetzen dituztela, baina, azkenean, proposatzen duten ezer ez da aurrera ateratzen», ohartarazi zuen.
«Ongi etorri Mr. Marshall»
Ironiaz, «Ongi etorri Mister Marshall» filmeko alkatearen politikarekin alderatu zuen Pastorrek Bizkaiko ahaldun nagusiarena. Alkate hark amerikarrak herria konpontzera etor zitezen esperoan zegoen. «Hemen ere antzeko zerbait gertatzen zaigu eta amerikarrak dira protagonista», azaldu zuen. «Hauxe galdetzen diot Bilbao jaunari: bere poltsikotik ordainduko al du? edo bere soldatatik aterako al da?».