GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Irati Jimenez 2010/1/10

Liburuen poliziaz

berria

Liburuaz ari ginen. Liburuaren lekuaz. Ergelkeriak pentsatzen hasi naiz, as usual. Liburuak politak direla pentsatu dut, baina leku gehiegi hartzen dutela (...). Liburuak maite ditut, baina nireak direnean ere ezin ditut erre jendeak gaizki begiratu gabe. Halako txotxoleriak pentsatzen nengoenean irakurri dut Victor Manuel kantariak esandakoa. «Guardia Zibilean baino ez dut sinesten», dio, musikarekin bukatzear omen dauden webgune ustez ilegalen itxiera eskatuz.

Emadazue tiro. Euskarri elektronikoa hementxe daukagunean eta jendea jo eta su dabilenean liburuak doan eskuratzen Interneten, liburu bategatik ematen didatena defenditzearren polizia etor dadila eskatzen badut, emadazue tiro.

Hara, nire ustez musikarekin miraria pasa da. Sistema horizontalagoa daukagu, abestiak doan, diskografia osoak eskura. Musikoak ezin dira kantua latan sartzetik bizi, egia. Musika zuzenean egin behar dute, antzina bezala, eta, horri esker, iaz hiru aldiz ikusi nuen Springsteen, etxetik kilometro gutxira. Diskografiken gainbehera? Baliteke. Kontzertuak antolatzen dituztenen mesedetan. Industria aldatu, moldatu edo hil egiten da. Berdin musikarena, zein liburuena, zein ontziolena. Gizakiak beti nahiko ditu ozeanoak zeharkatu eta beti nahiko ditu ipuinak entzun. Idazleoi sistema aldatuko zaigula? Hala dirudi. Beharbada poemak zuzenean irakurtzen hasi beharko dugu, herriz herri, pintxoak eman eta sarrera kobratuz. Beharbada, egunen baten, dena horizontal, dena doan, dena Sarean jarriko duen balizko etorkizunean, inor ezingo da kultura sortzetik bizi, inork ezingo duelako kultura kobratu. (...)

Gutenbergen asmakizunak liburua fraideen eta artisauen eskuetatik askatu zuen duela mende batzuk (...). Beste iraultza batek liburua liburutik askatuko du, beharbada. Eta pantailaren begira bota. Ipuinak iraunbiziko duela, horixe baino ez dakit. Eta kulturaren izenean Guardia Zibilari deitzen diotenen lanak ez ditudala Sarean bilatuko. Ezta doan ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo