Berezkoak
Paxkal Ezkurrak bera ere Waltari mendean hartzeko gai dela erakustea lortu du azkenean
WALTARI 29
EZKURRA II 40
Jon LEUNDA
Amaitu da Paxkal Ezkurraren amesgaiztoa. Urruñarrak garbi utzi zuen atzo Azkainen jokatutako desafioan Waltari menderatzeko gai dela.
Azkenaldian elkarren aurka jokatutako partida guztiak kubatarrak irabazten zizkion, baina atzoko desafioan lapurtarra gailendu zen, eta horrek Buruz Buruko Txapelketarako indar berezia emango dio.
Partida, ordea, ez zen ona izan. Lehen zatia nahikoa orekatua izan zen, eta markagailuan ere berdinketa ugari izan ziren, baina azken hamabost kintzeak oso luze egin zitzaizkion pilotari amerikarrari.
22-22 berdinduta egon ostean, Ezkurrak 3-11ko partziala sartu zion, eta hortxe geratu zen erabakita norgehiagoka. Waltarik ez zuen erreakzionatzeko tarterik izan, eta amaieran garaipena Ezkurrarentzat izan zen.
Partidak, berak, ordea, beste ondorio batzuk utzi zituen. Hasteko, sakea. Orain arte Waltarik sekulako pila sartu izan ditu bakarka jokatzen duenean, eta atzo lau besterik ez zituen egin. Ezkurrak, berriz, zazpi gehiago lortu zituen.
Galdutako kintzeak ere asko izan ziren amerikarraren aldetik, jokoan, 15 galdu baitzituen, eta horrela ez dago partida bat irabazterik. Bestetik, garbi dago lapurtarrak partida hau askoz ere serioago hartu zuela, Waltari azken egun hauetan Ameriketako Estatu Batuetan izan baita.
Berezkoek ez dute atsedenik hartuko, eta gaur bi kanporaketa jokatuko dira Buruz Burukoan. Hasteko, Harizmendi eta Etxeto lehiatuko dira, eta ondoren, berriz, Alfaro eta Etxeberri. Partidak Senperen izango dira, eta 14.00etatik aurrera izango da jaialdia.