Heineken Kopa
Galdu arren, final-laurdenetara
Zuri-gorriek lehiaketako partidarik txarrena egin zuten, baina partida baten faltan, hurrengo faserako txartela ziurtatua dute.
GLOUCESTER 23
BIARRITZ 8
Jon LEUNDA
Biarritzek erarik traketsenean lortu zuen final-laurdenak jokatzeko txartela, galduta lortu baitzuen. Zuri-gorriek nahikoa zuten puntu bat batzea, eta bestela, galduta ere, Gloucesterrek puntu gehigarria lortzen ez bazuen hurrengo faserako txartela ziurtatzen zuen, eta horixe gertatu zen. Biarritzek galdu egin zuen punturik batu gabe, baina ingelesek puntu gehigarririk lortu ez zutenez, Biarritz sailkatu da.
Dena dela, sailkapena ia eskuetan zuela joan zen Biarritz Gloucesterren zelaira, baina helburua sailkatzen direnen artean lau onenen artean sartzea zen, eta oraindik hori lortzeko aukera asko dituzte, atzo atzerapausoa eman bazuten ere. Okerragoa dena, emandako itxura, izan ere, maila ahulean aritu baitzen. Biarritz boladaka ari da jokatzen, eta une honetan ez dago bere une gozoenean. Joan den astean Parisen ez zuen ongi jokatu, eta atzo are eta itxura kaskarragoa eman zuen.
Inoiz ez zuen jokatzen asmatu, eta era guztietara ere makal aritu zen. Ostikoekin ere kale egin zuten. Atzo Yachvili falta zen, eta Courrent ahalegindu zen lantegi horretan, baina ez zuen bere partidarik onena izan, eta zigor-kolpe bat besterik ez zuen gauzatu.
Erasoan ere nahikoa kamuts aritu ziren, eta entseguak lortzeko ia aukerarik ez zuten izan. Hala ere, Imanol Harinordokik izandako bat gauzatu egin zuen, baina ez zuen ezer askorako balio izan, markagailua apur bat itxuratzeko besterik ez.
Multzoko beste norgehiagokan, Glasgowk 29 eta 25 hartu zuen mendean Newport, baina bietako inork ez du aurrera egiteko aukerarik izan. Gloucesterrek azken partida irabazi eta itxaron egin beharko du.
Lapurtarrek ez zituzten aukera asko egin, baina apur horietako bat gauzatzen asmatu egin zuen Imanol Harinordokik. Donibane Garazikoa izan zen, gainera, euskaldunen artean onena.
Lehen fasea datorren asteburuan amaituko da, eta jadanik eman da ezagutzera partida guztiak noiz eta zein ordutan jokatuko diren.
Lapurtarrek Glasgowren aurka jokatu beharko dute Agilera estadioan, eta ordua, berriz, ez da egokiena izango, 12.45etik aurrera izango baita.
Biarritz sailkatuta dago, baina orain helburua lau onenen artean sartzea da, eta hori ongi bideratuta duten arren, ez dute deskuidurik izan behar, final-laurdenetako partida Anoetan jokatu ahal izateko.
Badaezpada ere, bi onenen artean sartzea ere ez litzateke txarra izango, beti ere finalerdiei begira, hor ere etxean jokatzeko.
Datorren astekoa azkenengo jardunaldia izaki, multzo bakoitzeko partidak egun eta ordu berean jokatuko dira, horrela erabaki baitu Europako Federazioak.J.L.