GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Sinetsi eta konbentzitu

Gaur egun Lorentxa Guimonek daraman borroka itzela da, bakarrik, ziegan, familiarengandik bereizia, alabarengandik urrundua, epaileek euskaldunen aurka edozein neurri dute baliagarri, baita sufrimenduaren handitzeko ere

AHTren aurka, manifestaldi handia. Hautetsi franko hor zeuden, eta agian luzerako izanen dira lehen lerroan, beren alderdiei aurre egiten, hau baita ordezkari izatea, herritarren zerbitzurako lanean aritzea. Ez da haatik politikarako denen ikuspuntua. Hautetsi batzuek diote, gaur, hauteskundeen bezperan, jendearen iritziaren aurka ezin dela joan. AHT herritarrei ezin zaiela inposatu. Zer eginen duten hauteskundeen ondotik, Akitaniako parlamentuan aulki bat lortzen badute, eskuinak gehiengoa ezkerrari kentzen badio? Diskurtso bera izanen ote da? Eta ezkerrak, Rousseten ildotik AHT baimendu duenak, Akitanian nagusi gelditzen bada, zerbait aldatuko al du?

Jendea atera da, hurbiletik hunkitua sentitzen baita, protestarako garaia dela ikusten baitu eta uste baitu protesta egitearekin lorpena erraza dela. Haatik, ez da horrela, iritzian oso jarraikia izan behar baita irabaztekotan. Ondoko hauteskundeetan hautu batzuk zigortu behar dira, hautu politiko ekonomiko batzuk erabat aldamenean utzi behar dira, politika eta hautu ekonomikoak lotuak baitira. Horretan lan handia gelditzen da. «Europe Ecologie» Hendaian hor zegoen, hauteskundeen bigarren itzulian zer nolako negoziaketa eramanen al du alderdi sozialistarekin? Dagoeneko abertzaleen bozen arrantzan ibili dira, abertzaleen eskakizunak beren gain hartzen zituztela, alegia. Alta, nagusi bat falta zen zerrendatu dituzten eskakizunetan, bat funtsezkoa, errepresioarena, Jonen desagertzearena. Ez daude hemen sustrairik gabeko eskakizun hutsal batzuk hain kuttuna duten frantses Estatuaren egiten direnak. Herria gara, kuttuna duten estatuak zapaltzen duena. Hori aitortzen badute, elkarrizketa errazagoa izanen da. Eta prest gaude elkarrizketarako gure autodeterminaziorako eskubidea ezagutzen bada, ekologia ezagutzen baitugu, gure lurrari atxikiak baikara. Elkarrizketarako prest gaude denekin, entzun nahi gaituzten ororekin!

Ekologia landu behar den filosofia da, gauzatu behar dena, mezu moduan soilik utzi behar ez dena. AHT gelditzeko borrokaren gainetik ideia trukaketa aukera aparta da, baliatuko duguna, jende askorekin hitz egiteko, borrokak irabazteko direla sinesteko eta honen aurrean eraginkorrak izateko.

Horrela, hemengo egoeraz, hemengo gertakariez atxiki nahi duten isiltasuna hausteko parada izanen dugu. Dagoeneko Europatik beste begirada batekin so egiten digute, gaur egun arazo konkretu baten aurrean lan egiteko, biltzeko, konbentzitzeko dugun gaitasuna ikusten dute. Hau handia da Europako militante guztientzat, borrokak gaur egun zailak baitira, gezurra hedatua baita, esperientzia jendetsuak baitezpadakoak dira borrokatzeko, nahikeriak pizteko.

Gaur egun Lorentxa Guimonek daraman borroka itzela da, bakarrik, ziegan, familiarengandik bereizia, alabarengandik urrundua, epaileek euskaldunen aurka edozein neurri dute baliagarri, baita sufrimenduaren handitzeko ere. Lorentxak jasaten duen bortizkeria gureganaino heldu da, epaileak hartzen dituen neurriak gizarteak berak baimentzen dizkio. Gure mobilizazioekin estatuen bortizkeria gelditu behar dugu. Parte hartuz mundua alda daitekeela sinetsi behar dugu eta horretaz ingurua konbentzitu. Hau da erronka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo