GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Xabi Sanchez Goronaeta I Gozamenez/Con mucho gusto egitasmoaren koordinakunde teknikoa (*)

Gobernuak ez du hitza bete: gazteentzako sexu arretarako zentroa

Iaz 350.000 euro sartu ziren aurrekontuetan arlo afektibo-sexualean ekintzak garatzeko eta, horien artean, besteak beste, gazteentzako zentro bat sortzea aholkatzen zen. Baina gaur arte ez da euro bakar bat ere jarri inongo ekintzarik gauzatu ahal izateko

Gozamenez/ Con mucho gusto gazteentzako sexualitateari buruzko programa komunitario bat da. Bertan hainbat erakundetako eta baliabide publikoetako heziketa sexualeko profesionalek zein gazteek eta elkarteek hartzen dute parte. Helburua gazteen sexualitatea jorratzea da, ikuspuntu positibo, plural eta aberasgarri batetik abiatuta. Gozamenez programak gazteen gaitasunak garatzen lagundu nahi du bilakaera pertsonalean aurrera egin dezaten, hau da, plazerra kontzientzia eta autonomiarekin gozatzen ikas dezaten, eta era berean autozainketa jokamoldeak erabil ditzaten motibatzea haien osasun sexuala babesteko eta zaintzeko.

Hamar lan-urteetako eskarmentuak gaur egungo maparen erradiografia egitea ahalbidetu digu. Honen bidez arlo sozialean, hezkuntza arloan eta asistentzia arloan dauden beharrak ikusten joan gara. Behar hauetatik abiatuta, programaren koordinazio taldea eztabaida batean murgildu da, aurkitu ditugun gabeziak konpontzeko asmoz eta gazteek dituzten eskaera afektibo-sexualak beteta egon daitezen ahalbidetzeko.

Osasunerako Mundu Erakundeak gobernuei emandako aholkuetan oinarrituta, dokumentu batean funtsatu dugu gazteen osasun sexualeko eta ugalketarako zentro baten sortzea. Nafarroako Parlamentuari igorri diogu eskaera, aurretik aipatutako behar guztientzako neurri global gisa.

Gogora ekarri nahi dugu hemen Nafarroako Parlamentuak hainbatetan onartu egin duela eta formalki adostu duela gai honen inguruan ekintzak egitea. Nabariena 2008ko uztailaren 28an aho batez onartutakoa izanen litzateke. Bertan zehazten dira lehenengo Zerbitzu Sozialen Egitasmoaren 52 proposamen, Gazteen Arreta Sexualerako Zentro baten sorrera barne. Urte bereko irailean, Gobernuari eskatzen zaio idatz dezala gazteen sexualitaterako Osasun Arretarako Egitasmo bat, horrela beharrezko prozedura abiatzeko «gazteen kontsultarako Erreferentzia Zentroa» sortu ahal izateko.

Goian aipatutako dokumentua indar politikoei banatu zaie 2010eko aurrekontuetan sar dezaten. Emaitza ez da positiboa izan eta honek gure lurraldeko osasun sexualaren garapenerako bideratu beharko liratekeen ekintzak nola baztertu diren kritikatzera bultzatzen gaitu.

Esperientziari ez zaizkio ustekabeak falta izan. Iaz 350.000 euro sartu ziren aurrekontuetan arlo afektibo-sexualean ekintzak garatzeko eta hauen artean, besteak beste, Gazteentzako Zentro bat sortzea aholkatzen zen. Baina gaur arte ez da euro bakar bat ere jarri inongo ekintzarik gauzatu ahal izateko. Eta hau gutxi balitz, aurrekontu hau ez da aurtengo aurrekontuen hitzarmenean sartu. Atzeranzko egoera honek ez du gazteen sexualitatearen egitasmo edo plan bat bultzatzea ahalbidetzen. Zentroaren eskaera ez da 2010ekoan sartu eta, gainera, iazko aurrekontua ezin da «berreskuratu» beste ekintza posibleetarako. Izan ere, urtea ixteko azken ekintza bezala, Nafarroako Gobernuko Osasun sailburuak argi berdea eman dio aipatutako diru-kopurutik «...Emakumeen Arretarako Zentroen lana aitortu eta eskerrak emateko publizitate-kanpaina bat» egiteko erabiltzeari. Hau da, 120.000 euro publizitatean eta batere ez baliabideen hobekuntzan.

Egitasmo honen parte garen pertsona askoren lanean oinarrituta, klase politikoari eta gizarteari oro har gure ezinegona azaldu nahi diegu. Ongi dakigu 2009ko aurrekontuen partida hori onartu zenean Andraize  Zentroak dokumentu bat banatu ziela talde politikoei Osasun kontseilariarekin negozia zezaten, diru hori inbertitzeko hainbat ekintza proposatzen zirelarik: Emakumearen Arretarako Zentroen Gazteen Programak bultzatzea, ikastetxeetan banatzeko hezkuntza-materialak sortzea eta berrargitaratzea, Gazteen Arretarako Zentro bat asteburuetan zabaltzea eta abar... Gure iritziz, Emakumeen Arretarako Zentroek bere osotasunean egiten duten lana aitortzekoa da oso, ongi ezagutzen baitugu asistentzia lan ikaragarria egiten dutela. Baina Nafarroako Gobernuaren kudeaketa eraginik gabekoa eta oso eskasa dela iruditzen zaigu, ez baitu ez interesik, ez ardurarik erakusten goian aipatutako diagnostikoan eta ez dituelako bateratzen aurrekontuen partida, onartutako ebazpenak eta aurkitutako beharrak gazteen sexualitatearen arretari estaldura handiagoa errazteko.

(*) Nafarroako Gazte Kontseilua, Nafarroako Hiesaren Aurkako Batzordea, Sare, Hegoak eta Nafarroako Askagintza elkarteak, Kattalingorri -LGTB Kolektiboa: lesbiana, gay, transexual eta bisexualak- Andraize eta Iturrama Emakumeen Arretarako Zentroen gazte-egitasmoak

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo