GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

himalaya I Seimilakoa

Tawocheren iparreko lehena japoniarrentzat

Fumitaka Ichimura eta Genki Narumi alpinistek bi egun behar izan zituzten 1.500 metroko pareta gainditu ahal izateko. Seimilakoaren ipar isurialdeko lehen bidea azaroan zabaldu zuten estilo alpinoan. Zailtasun tekniko gogorrak ditu: VI, AI5R.

p044_f01_56786.jpg

Andoni ARABAOLAZA I

Orrialde hauetan behin baino gehiagotan aipatu izan dugu hainbat herrialdetako alpinista handiek egiten dituzten eskaladak ia oharkabean pasatzen direla. Eta ez jaramonik egiten ez diegulako; ez horixe. Zoritxarrez, badirudi nolabaiteko harresia dagoela; informazioari stop esaten omen diona. Hori da, hain zuzen, Japonia eta Korea herrialdeekin gertatzen dena.

Lerrootara dakarkizuegun albistearekin ere antzeko zerbait gertatu da. Duela bi hilabete izan zen. Protagonista nagusiak, berriz, azkenaldion sona handia hartu duen Giri-giri Boys taldeko bi ordezkari: Fumitaka Ichimura eta Genki Narumi. Biak ala biak garaiera handiko pareta teknikoetan goi mailako espezialistak dira.

Japoniarren azken jarduera Khumbu eskualdeko (Nepal) Tawoche mendian izan da. Seimilako baten aurrean gara: batzuentzat 6.367 metro ditu eta besteentzat 6.500 metro.

Izotz tentea

Bada, sokada honek Tawocheren ipar aurpegian bide berri bat, lehena, zabaldu du. 1.500 metroko marra, eta honako zailtasuna du: VI, AI5R.

Seimilako hau 1989. urtean igo zen lehen aldiz. Jeff Lowe eta John Roskelley estatubatuarrek ipar-ekialdeko isurialdetik eskalatu zuten.

Esan dugun legez, ipar aurpegia joan den azaroan igo zen lehendabiziko aldiz. Bi egun eta erdiko jarduna izan zen, eta, argazkian ikusten den bezala, oso bide zuzena da. Hori bai, ez da gailurrean amaitzen, gailurrerian baizik.

Japoniarren lehen saioa (azaroaren erdialdera) 5.700 metrora amaitu zen. Bigarrenean, berriz, korapiloa askatzeko gai izan ziren. 26an hasi ziren eskalatzen, eta 5.900 metrora lehen bibaka egin zuten.

Biharamunean, zailtasun tekniko handiei egin behar izan zieten aurre. Batez ere, izotz gogor, fin eta tenteari. Bibaka antolatzeko buruhauste handiak izan zituzten, eta, nola edo hala, 5.900 metrora egokitu zuten. Izan ere, gaueko bederatzietan ezer gutxi ikusten zuten. Jaitsieran ere beste bibak bat egin behar izan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo