GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Mrs. Robinson

Orain arte, Anne Brancroften aurpegi berezia zuen Mrs. Robinson andereak. «The Graduated» filmean Dustin Hoffman gazte eta xaloa seduzitzen zuena. Emakume heldua, mutiko gaztea, ohiz kanpoko istorioa. Aspaldikoa da Mrs. Robinson hura, baina hara non errealitateak beste Mrs. Robinson bat ekarri digun. Aurrekoarekiko aldeak alde, izenari dagokion eskandalu, sexu-osagai eta morbo berarekin. Irlandako lehen dama, ereduzko senar-emazteen irudia, bikote kontuetan gauzak behar bezala izatearen defendatzaile sutsua, ultrakatolikoa, ultrakontserbadorea, zer eta sexuzko zurrunbiloan bizi izan da. Senarrarekin ez ezik, bera baino 20 urte gazteagoa den mutil batekin, mutilaren aitarekin eta bere alderdikide batekin ere aritu da larrua jotzen. Pot eginda utziko zuen bizi-erritmo honek, ordea, ez dio eragotzi bere hipokrisia guztia zabalduta, sexu-askatasunaren eta oinarrizkoak behar luketen hainbat eskubideren kontra egitea, gogotik egin ere, bere buruan pertsona «dezentea» ez den oro gurutziltzatu eta gutxietsita.

Han, Irlandan, eskandalua politikoa baino ez egiten saiatu dira batzuk. Gaztetxoarekin txortan jardun ez ezik, dirua harrapatu baitzuen hari emateko, negozio bat abiaraz zezan. Zikinkeria politikoari heldu nahian, alegia. Azkenaldian sexuzko eskandaluz gainezka baitabil herrialdea, apaizak direla, Mrs. Robinson dela, hain justu, moralaren predikarien zikinkeriari eutsi ezinik. Arima aratza, katolikoa, kontserbadorea, eskuinekoa eta nahi duten guztia izanda, haragia haragia dela eta, bien arteko borrokan, sarri azken horrek irabazi ohi duela ezin onarturik. Eta nola onartu, ez bizitza ezta pertsonak ere ez garela lerro zuzena, euren morala gezur hutsa dela, zigortzailea, gainera, onartu gabe. Elizak, hain zuzen, bere kapitulu propioa behar luke honetaz ari garela, moral bikoitzaren eredu gorena izanik.

Baina Mrs. Robinsonek, ez erakunde bat, baizik eta emakumea izatea darama gainean. Bere iritziz behar bezalako emakumearen izaera eta papera beharko lukeenetik urrun, beste edozein emakume bezalakoa den sekretua lehertu diote. Emazte leiala, senarraren laguntzaile irmoa, ama bikaina, agian bai, baina beste gauza asko ere bai. Besteak beste, pertsona bategatik burua gal dezakeena, sexu-grina bizirik duena, baliteke abenturazale hutsa ere izatea, eta zer, galdetu beharko lioke bere buruari. Esan daiteke mesedea egin digula Mrs. Robinsonek emakume guztioi, berak zabaltzen duen «emakumearen» zuzentasuna eta irudi ideala, nolakotasuna, berak hutsaren pare utzita. Bestalde, bera bezalakoak ere haragizko emakumeak direla erakutsita, gizartean oraindik ondo irentsi gabe dagoen kontu hori, emakumeen sexu-grina, hain zuzen. Areago, sexu-grina gazteagoekin asetzearena.

Ohiz kanpokoa izaten jarraitzen baitu emakume heldu eta gizon gaztearen arteko maitasun eta sexu-harremanak; ez, ordea, neska gazte eta gizon helduarenak. Eta horiekiko oraindik dagoen ikuspegiak, berdintasunaren harira, asko esan beharko liguke. Hurrengorako hizpidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo