GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

izotz eskalada I Lehiak

Munduko Kopa, zirkuitu izoztua ikusgarritasunaren bila

UIAA-k antolatuta, Izotz Eskaladako Munduko Kopa martxan da. Kirov eta Val Daone-n jokatutako lehietan, gizonezkoen mailan, Markus Bendler izan da nagusi. Gazteek, berriz, Europako Txapelketa izan dute.

p045_f01_50226.jpg

Andoni ARABAOLAZA I

Aurreko orrialdeetan aipatu ditugun izotz eskaladako jaialdietan lehiak toki garrantzitsua du. Hala eta guztiz ere, ofizialki bada beste zirkuitu bat: UIIAk antolatutako Munduko Kopa eta Europako Txapelketa. Hori guztia nagusien mailari begira dago, baina aurten, lehen aldiz, gazteekin gogoratu eta Europako Txapelketa antolatu du.

Aitortu beharra dago, alpinismoaren nazioarteko erakunde hori ahalegin asko egiten ari dela izotz eskaladako zirkuitu ofiziala bizirik mantentzeko. Aurten, adibidez, herrialde ezberdinetako mendi federazioei dei berezia egin die beren ordezkariek antolatutako probetan parte har dezaten. Hala ere, beste urte batzuekin alderatuta, badirudi lehia ofizial hauek indarra galdu dutela.

Nahiz eta egun lehiakide gogorrak izan, batzuek diote faltan botatzen dituztela garai bateko lehiakideak. Hots, Daniel Dulac, Harald Berger, Mauro Bole, Simon Anthamatten, Ines Papert, Anna Torretta... besteren artean. Batzuek diote erabat aspertzen direla; beste batzuek, aldiz, ikusgarriak direla. Iritzi ezberdinak daude.

Aldekoen eta kontrakoen hausnarketak alde batera utzita, Munduko Kopa martxan dela aipatu behar dugu.

Bendler nagusi

Lehen proba Kirov-en (Errusia) jokatu zen. Hil honen 7 eta 9 artean izan zen, eta, gainera, nahiko baldar hasi zen. Horrekin esan nahi dugu lehiakide asko eta asko antolatzaileekin kexu agertu zirela. Antza denez, atondutako egitura nahiko kaskarra zen; izotza behin eta berriz puskatzen zen. Horretaz gain, lehiakideek ez zuten otordurik izan, berotzeko gela eskasa zen...

Eta hori guztia gutxi izango balitz, lehiaketa jokatzen zen unean tenperatura 25º zero azpikoa zen. Haatik, Kirov-era hurbildutakoak baldintza horiekin lehiatu ziren. Eta lehen proba honetan, iazko Munduko Kopako irabazleak gailendu ziren: Angelika Rainer italiarra eta Markus Bendler austriarra. Bitxia ala ez, finalera sailkatutako ia gehienak errusiarrak ziren.

Bigarren proba, berriz, zeharo ezberdina izan zen. Italiako Val Daonen jokatutakoarekin (hil honen 16-17), oro har, oso gustura geratu dira. Bosgarren aldia zuen Italiako probak, eta horrek bere garrantzia du.

Oso egitura ona altxatu zuten: 25 metrokoa eta erori handikoa. Hotz handia egin zuen (-15º), baina izotza oso baldintza egokietan zen. Hau da, izotzaren kalitatea oso ona eta, Kirov-ekoarekin alderatuta, ez zen puskatzen.

Gizonezkoetan, Bendler-ek ez zuen arazorik izan bigarren proba hau irabazteko. Finalista guztien artetik bidea kateatu zuen bakarra izan zen. Nesketan, berriz, Rainer ez zen finalera pasa, eta hori Chloe Graftiaux belgikarrak aprobetxatu zuen lehen postua eskuratzeko.

Gazteentzat, bestalde, Europako Txapelketa antolatu zen Suitzan (16 eta 17an). Irabazleak: Liubov Mikryukova eta Alexey Iakovlov errusiarrak izan ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo