Anfora bete kultura, Infozazpiren arrastietako eskaintza berrian
Saio berria estreinatuko du gaur Infozazpi irratiak. Astelehenetik ostiralera, «kulturek dituzten adierazpide guztiak» biltzen saiatuko da ordubetez (17.00-18.00) «Anfora» saioa. Xabi Aizpurua Ugarte kazetari oikiarra izango da tarte berri honen gidaria.
A. ARRUTI |
Kultura bere zentzu zabalenean. Horixe izango du ardatz gaur abiatuko den «Anfora» irratsaioak. Aste honetan zehar saio laburrak eskainiko dituzte «elkarrizketa laburrak aperitibo gisa, entzuleak gosetzeko», eta otsailaren lehenarekin batera ekingo diete ordubeteko saioei.
Xabi Aizpurua Ugarte (Oikia, 1982) izango da tarte berri onen gidaria. Kazetaritzan lizentziaduna, «Urola-kostako Hitza»-n ibili izan da azken lau urteetan kazetari, zuzendariorde eta zuzendari lanetan. Irratian ere badu eskarmentua: hainbat kolaborazio egin izan ditu Bilboko Irola eta Zarauzko Arraio irrati libreetan eta Euskadi Irratiko «Tartaria» saioan ere parte hartu izan du.
«Kulturek dauzkaten adierazpide guztiak biltzen saiatuko gara», azaldu zuen Aizpurua Ugartek. «Ohitu beharko dugu `kultura' singularrean ez aipatzen eta `kulturak' esaten, ez delako gauza homogeneo bat. Gure Euskal Herri honetan kultura asko daude eta honek ere ematen dio nolabaiteko aniztasun zentzu bat», gaineratu zuen. «Ea lortzen dugun aniztasun hori egunero ordubetean islatzea».
Kolaboratzaileak
Astero hainbat adituk ere izango dute lekua «Anfora»-n. Aurretik «Bostetako diligentzia»-n parte hartzen zuten hiruk jarraitu egingo dute: Koldo Otamendi (musikan), Itziar Amestoy (zineman) eta Gorka Julio (informatikan). Bestalde, Gari Berasaluzek literaturaren alorrean astero liburu bat gomendatuko du, Aiora Kintana arteaz arituko da eta Imanol eta Mattin Epelde anaiek poesia musikatuak eskainiko dituzte.
Astelehenetan «mikroskopioa jarriko dugu egunerokotasunean lantzen ez diren zenbait gaietan, horiek aztertzen saiatuko gara pare bat eragilerekin hitz eginez», azaldu zuen Aizpurua Ugartek.
Asteazkenetan, berriz, genero eta identitateari buruzko «Matriuska» atala izango dute Miren Aranguren eta Ibon Arrizabalagarekin. «Uste dugu gaur egunean, guk bizi dugun kultura honetan erabateko zerikusia daukala geure jarreretan eta geure nortasuna eraikitzeko prozesuan, eta interesgarria iruditu zaigu ikustea generoak zenbat baldintzatzen duen gure jarrera, gure posea gizartearekiko eta, hein berean, kultur produkzioa ere bai». Ostegunetan bertsolaritza izango da protagonista, «datozen txapelketak jorratuz eta baita bertsolari sare handi horren aleak ekarriz bakoitzak bere perspektibatik».
Saio irekia eta parte hartzailea izatea dute helburu eta norbaitek bere ekarpena egin nahi izanez gero, anfora@info7.com helbidera idaztea besterik ez dauka, «gustu handiz hartuko dugu».