GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Duela 20 urte abiatu zen Idiazabalgo Zirika Irratiak emititzeari ekingo dio berriz ere

GARA |

Idiazabalen sortu zen Zirika Irratiak 1989an egin zituen bere lehen emisioak. Joan den abenduan, hain justu, 20 urte bete ziren irrati hau sortu zenetik. Hala ere, baziren urte batzuk Zirika isilik zegoela. Urteurrenaren indarrarekin, ordea, lan talde bat osatu eta berriro ekin diote emititzeari, eta joan den larunbatean eskaini zuten lehen programa.

Berrikuntzak ez dira gutxi izango, lan talde berria, frekuentzia berria eta irudi berriaz aurkeztu baitute euren burua Idiazabalgo irratiko kideek. Azaldu dutenaren arabera, Udalaren etxe batean dute estudioa eta bertatik igorriko dute. Programazioa entzun ahal izateko frekuentzia ere aldatu egin da, hortaz, hemendik aurrera Zirika entzun nahi duenak FMko 98.8 puntua hartu beharko du.

Oraingoz larunbateko saioarekin aurkeztu dute irratiaren bigarren aroa, hau indartu ondoren beste batzuk ere egiten hasiko direla iragarri duten arren. Larunbatetan entzun daiteke saioa, eguerdiko ordu batetik aurrera. Protagonismoa, beti bezala, herritarrek izango dute. Horrela, herriko albisteak emango dira Zirikan eta, horrez gain, lehiaketak, elkarrizketak, eskainitako abestiak eta grabazio zaharrak ere izango dira.

Aurkeztu duten berrikuntza nabarmenena, ordea, webgunea da. www.zirikairratia.tk-en albisteak irakurtzeko aukera egongo da. Tresna hau, ordea, entzuleen parte hartzea bultzatzeko erabili nahi dutela azaldu dute irratiko kideek, horien ekarpenei garrantzi berezia eman nahi baitiote larunbatean hasitako aro berri honetan. Orain dela astebete ireki zen webgune hau eta pozik agertu dira entzuleen erantzunarekin. Azkenik, webgune hau erabili nahi dute Interneten bidez irratia entzun ahal izateko aukera zabaltzeko.

Entzuleek hainbat aukera dituzte irratikoekin harremanaten jartzeko. Webgunearen bidez egiteaz gain, zirikairratia@gmail helbide elektronikoa erabiltzeko aukera izango da eta, bestetik, 943 187 078 telefono zenbakia.

Larunbatean eskainitako lehen saioan Diputazioak Etxegaraten jartzeko asmoa duen peajeaz hitz egin zuten. Parte hartze eredua bultzatu nahi dutela erakusteko, gai hau jorratu ondoren webgunean inkesta jarri dute abian. Bertan herritarrei peaje honen gaineko iritzia, hau da, egon beharko lukeen ala ez, galdetzen diete. Hurrengo larunbatera arte saiorik ez dagoen arren, bitartean 98.8an hogeita lau orduz musika entzuteko aukera dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo