GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Heineken Kopa

Osprey talde galestarra izango da Biarritzen aurkaria

Zuri-gorriek lortu dute helburua, eta Anoetan jokatuko dituzte final-laurdenak, apirilaren 9an, 10ean edo 11n. Aurkari erosoenetakoa dute lapurtarrek.

p034_f01_50658.jpg

BIARRITZ 41
GLASGOW 20

Jon LEUNDA I

Biarritzek lortu zuen helburua atzo Glasgow mendean hartu eta final-laurdenak Anoetan jokatzeko modua eginda. Hori lortu du eta jadanik jakin du zein izango duen aurkaria, Galesko Neath-Swansea Osprey taldea izango du aurrez aurre. Data, berriz, ez dago zehaztuta, baina apirilaren 9an, 10ean edo 11n jokatuko da.

Hori gainditzen badu, finalerdiak jokatuko ditu, eta han Munsterren eta Northamptonen aurkako irabazlea izango du aurrez aurre. Stade Toulousainek Stade Français izango du aurrean final-laurdenetan, eta azken kanporaketa, berriz, Leinsterrek eta Clermontek jokatu beharrekoa izango da.

Hori zen Biarritzen atzoko helburua, garaipena erdiestea, eta horixe egin zuen. Final-laurdenetarako txartela ziurtatuta zeukan, baina ametsa Anoetan jokatzea zen. Dena ongi bideratuta zeukan, baina porrot batek handik kanpo utz zezakeen. Hori ez zen gertatu, eta orain Osprey talde galestarra izango du aurrez aurre. Hirugarren multzoan aritu da eta bigarren onenetako gisa sailkatu da, Clermontek bere gainetik amaitu baitu, beraz, finalerdiekin amesteko moduko kanporaketa izango da.

Atzoko partidak bi zati oso ezberdin izan zituen. Lehenengoan Eskoziako taldea nagusi izan zen, eta euskaldunak estu eta larri ibili ziren. Glasgowk ez zuen ezer jokoan, eta lasaitasun horrekin heldu ziren Biarritzera. Lotsarik gabe aritu ziren, eta lapurtarrak ustekabean harrapatu zituzten. Presioa oso goian egiten zuten, uztartzeetan ere askotan nagusi izan ziren, eta baita alboko sakeetan ere, eta puntuak batzen hasi ziren.

Gauzak horrela, jokoan sartzea asko kostatu zitzaien euskaldunei, baina azkenean lortu zuten, nahiz eta atseden hartzera markagailuan 11-13 atzetik zirela joan ziren.

Dena aldatu zen

Bigarren zatian gauzak erabat aldatu ziren, eta euskaldunak garaipenaren bila abiatu ziren. Baloia ongi mugitu zuten, eta behin markagailuari buelta eman ziotenean, kanpotarrek ere etsi egin zuten, eta horrek bidea erraztu ere egin zien, baina bigarren zatia oso ona izan zen, eta amaieran garaipen erosoa lortu zuten.

Amaieran, helburua beteta. Orain berriro ere ligan pentsatu beharko du, ostegunean derbia jokatu beharko baitu Avironen aurka. Atzoko lehen zatian zalantza dezente utzi zituen, nahiz eta bigarrengoan gauzak dezente konpondu zituzten. Apirilera bitarte ez dute Europan pentsatu beharrik, eta oraingo erronka ligak izan behar du, final-laurdenak jokatzeko erronka horretan buru-belarri jarraitu nahi baldin badute. Hori bai, zaleek atzoko bigarren zatiko taldea ikusi nahi dute, lehenengoan itsusi aritu baitzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo