Etxetoren lesioak zalantzan jarri du lehen final-laurdena
J.L. I
Thierry Etxetoren lesioak zalantzan jarri du Berezkoen Buruz Buruko lehen final-laurdena. Kurutxari ari zen norgehiagoka irabazten, 35-27, eta une horretan hartu zuen min belaunean Etxetok.
Ez zuen lapurtarrak bakarrik min hartu ordea. Kurutxari pilota bat itzultzera zihoala, Etxetorekin tupust egin zuen eta lurrera erori zen. Belauna postura txarrean zuela jo zuen lurra, eta itxura denez min handia hartu zuen.
Horrelakoak gertatzen direnean, hau da, nahi gabe izanda ere, lesioa aurkariak eragiten duenean, partida berriro jokatu behar izaten da, markagailuan irabazleak zuen aldea kontuan hartuta. Beraz, Kurutxarik 8 kintzeko abantaila zuenez, partida 8-0 Kurutxari aitzinetik dela jokatu beharko litzateke.
Kontua, ordea, lapurtarraren lesioa da. Erietxera eraman zuten, eta orain sendagileen agiriaren zain egon beharko du. Lesioa larria bada, ezingo du jokatu, eta Kurutxarik egingo du aurrera, eta larria ez bada, agian osatu bitarte itxaron beharko litzateke jokatzeko, nahiz eta horrek lehiaketa dezente atzeratzea ekarriko lukeen.
Partida bera ez zen ona izan. Min hartu arte Etxetok ez zuen joan den asteko jokoa erakutsi, eta Kurutxari nagusi izan zen. Lehen bost kintzeetan tanto guztietan izan ziren berdinketak, baina hortik aurrera Kurutxarik erraz egin zuen aurrera eta 18-29 izan zuen alderik handiena.
Etxetok erreakzio txiki bat izan zuen, baina min hartu zuen unean ere alde handi samarrarekin ari zen galtzen. Aste honetan jakingo da zer gertatzen den partida honekin. Bitartean, gaur, 17.00etatik aurrera jokatuko da Donibane Garazin azken final-laurdena. Bertan, Ozafrain eta Alfaro neurtuko dira. Bankakoa da faborito. Bakarka oso ongi moldatzen den pilotaria da, eta Garat trinketa da, gainera, bere kutunenetakoa. Alfarok, berriz, ez du galtzeko ezer.