200 kilometroko autonomia duten 15 auto elektriko jarriko dituzte Ataunen herritarrek erabil ditzaten
Eskuko telefonoen gisan sare elektrikora konektatuta kargatzen dira, 100 kilometroko 1,5 euroko gastua dute, ihes hoditik ez da kerik ateratzen eta gidariak ez du ohiko motoreen hots eta dardararik jasan behar. Auto elektrikoak dagoeneko iritsi dira errepideetara eta Ataunen herritarrek laster izango dituzte eskura.
Janire ARRONDO
Duela bi urtetik darabilte esku artean Ataunen herritarren zerbitzura auto elektrikoak jartzeko ideia eta, aurreikuspenen arabera, irailerako ibilgailuak eta horien funtzionamendurako beharrezko diren ekipamenduak prest izatea espero du Udalak. Horrela merkeago eta kutsadura gutxiago sortuz mugitzeko aukera izango dute ataundarrek. Herria oinez edo bizikletaz ibiltzeko prestatzearekin eta autobus zerbitzuak hobetzearekin batera, proiektu honekin mugikortasun iraunkorrerako plana osatu nahi du Ataungo Udalak.
Hamar auto jarriko dituzte San Martin auzoan horretarako prestatutako aparkaleku batean eta beste bost San Gregorion. Irteera eta helmuga puntu izango diren aparkaleku horietan autoen bateria kargatzeko beharrezko ekipamenduak jarriko dituzte, eta bertan egongo da erreserba egin eta giltzak jasotzeko aukera ematen duen makina ere. Gainera, leku horietan eguzki plaka fotovoltaikoak instalatuko dituzte eta hortik jasotako energia izango da autoak hornituko dituena. Bateriak 230 watt-eko entxufe batzuen bidez kargatuko dira.
Hori bai, aurrez erabiltzaileak izena eman beharko du eta horretarako aukera du Ataungo, Ordiziako zein Beasaingo udaletxean. Era berean Internet bidez ere erregistratu daiteke erabiltzailea. Hala ere, oraindik zerbitzu honen tarifak dira zehaztu gabe daudenak.
Eskualde barruko bidaiak
Goierriko Mugikortasun Planaren arabera, gidari gehienek eskualdean hasi eta amaitzen dute autoz egiten duten bidaia. Horregatik Ataungo alkate Bittor Orozek GARAri azaldutakoaren arabera, auto hauek eskaintzen duten zerbitzua egokia da bertako herritarrentzat. Izan ere, 200 kilometroko autonomia dute, eta gehienez 120 edo 140 kilometro orduko abiaduran ibili ahal izango dira.
Ordiziako eta Beasaingo Udalekin ere adostasun bila ibili da Ataungo Udala herri horietan ere autoak aparkatu eta kargatzeko sistemak ezartzeko. Ordizian behintzat tren geltokiaren alboan jarriko dute hornigailua eta bi aparkaleku-plaza auto hauentzat gordeta egongo dira auto hauetan bertara joaten denak aparkatzeko inongo arazorik izan ez dezan.
Iingurumenari keinu
Oraingoz Ataunen martxan jarriko dutena probako proiektua izango bada ere, herritarrak gisa honetako autoekin ohitu eta erregaiz hornitzen diren autoen aurrean auto elektrikoak benetako alternatiba gisa azaltzea da Udalak bilatzen duena. Hain justu ere, auto elektrikoek ekonomia eta ingurumen alorrean dituzten abantailak erakutsi nahi dira. Horrela ekimenaren helburu nagusietako bat garraio publikoa modu iraunkorrean osatzea eta inguruko herri nagusiekiko komunikazioa hobetzea izango da.
Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko Departamentuak, Garapen Iraunkorreko Departamenduak, Lakuako Ihobe elkarte publikoak eta Kutxak babestu dute proiektu berritzaile hau. Denera 600.000 euroko aurrekontua izango du.
Adituek diotenez, auto elektrikoen erabilerarekin eraginkortasunean zein iraunkortasunean irabaziko da. Izan ere, auto berri hauei %80 edo %90ean ateratzen zaie etekina; ohiko autoen eraginkortasuna, berriz, %20koa da. Bestalde, autoek behar duten energiaren %98 petroliotik eratorritako produktuetatik dator, beraz, auto elektrikoekin benetan aurreztu dadin energia iturri berritzaileak erabili beharko dira.