GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionarrak ingurumenarekin bat eginik bizi daitezen «eko-auzo» berria eginen da

p015_f02_97x96.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Sequé izena izango du Lapurdiko hiriburuan eginen den «eko-auzo» berriak. 625 etxebizitza izanen ditu eta 1.500 bat biztanlerentzako tokia izanen da bertan. Hainbat fasetan eginen da, lehena 2011rako bukatuko da eta azkena 2013rako. Eraikiko diren etxeen erdia baino gehiago etxebizitza sozialak izanen dira. Egitasmo honen xedeetako bat gizarte-maila ezberdinetako jendea nahastea da.

Eraikiko diren etxeen %44 merkatu librean salduko da, baina erdia baino gehiago Baionako Udalak ezarriko dituen baldintzekin saldu edo alokatuko dira. %21 prezio finkoan salduko da, hau da, 2.500 euro metro koadroko. %35 alokairu sozialerako izanen dira. Azken horietatik zati bat menpekotasuna duten pertsona adinduentzat izanen da.

Sequé auzoa bertako jendearentzat egina izan dela adierazi zuen Jean Grenet auzapezak. «Gaur egungo prezioak kontuan izanik, bertan lan egiten duen jendeak ezin du hemen etxerik erosi, horregatik beharrezkoa da horrelako auzoak egitea».

Auzo ekologikoak oso modan dira egun eta horregatik hiriko auzapezak Sequék beharrezko baldintza guztiak betetzen dituela nabarmendu nahi izan du; hain zuzen, Ingurumen Ministerioaren sari bat irabazi du proiektuak. Sei arkitektok aurkeztu ideien artean auzoak izanen duen irudia zehazten hasi dira.

Hitzordu publikoak

Auzo ekologikoak gizartearen nahiekin bat egitea bilatzen du Herriko Etxeak. Otsailaren 8an aurkeztuko da lehen aldiz hiritarren aitzinean. Otsail eta apirila artean hiritarren proposamenak bilduko dira. Ekainean izan diren trukaketak aurkezteko bilkura eta irailean bisita publikoa eginen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo