GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Hegazkin istripua Libanon

Itsasora amildutako hegazkineko 24 bidaiariren gorpuak aurkitu dituzte

Libanotik Etiopiara zihoan hegazkina Mediterraneora amildu zen atzo goizaldean, Beiruten aireratu eta gutxira. Libanoko presidente Michel Suleimanek oraindik ikertzen ari direla esan zuen, baina atentatuaren hipotesia baztertu zuen. Istripua aireratzeko unean egiten zuen eguraldi txarrarekin lotu zuen. Inguruan lanean dabiltzan erreskate taldeek ET409 hegaldi horretan zihoazen 90 bidaiarietatik 24 lagunen hilotzak aurkitu dituztela baieztatu zuten.

p006_f01_250x132.jpg

GARA | BEIRUT

90 pertsona zeramatzan Ethiopian Airlines konpainiako Boeing 737 hegazkin batek istripua izan zuen atzo Libanoko itsasertzean, Beiruteko aireportuan aireratu eta denbora gutxira.

Herrialde horretako Defentsa Ministerioak emandako azken datuen arabera, 24 hilotz atera zituzten istripua gertatu zen lekuaren inguruan, Beirutetik 12 kilometro hegoaldera dagoen Namehtik 2,5 itsas miliara.

Erreskatatutako 24 hilotz horietatik, beti ere iturri ofizialen arabera, sei etiopiarrak dira. Hala ere, horien nortasuna argitzeko DNA frogak egiten ari dira, istripuaren ondorioz, gorpuak oso kaltetuta baitaude.

Libanoko Gobernuak baztertu egin zuen atentatuaren hipotesia. «Orain arte, baztertu egin dugu sabotajearen aukera», argitu zuen Michel Suleiman Libanoko presidenteak prentsari eginiko adierazpenetan.

«Drama mingarria da, zorigaiztoko gertaera. Ahalegin guztiak egingo ditugu bizirik jarraitzen dutenak erreskatatzeko lanetan», gaineratu zuen.

Hildakoen bila

Orduek aurrera egin ahala, bizirik ateratzea lortu zuen inor aurkitzeko esperantza ahulduz zihoan eta indar guztiak hilotzak berreskuratzera bideratu zituzten.

Libanoko Armada eta FINUL (Nazio Batuen Erakundeak Libanon dituen indarrak) etengabe aritu ziren erreskate lanetan. Gainera, Ziprek, Estatu frantsesak eta Amerikako Estatu Batuek Saad Hariri lehen ministroak egindako laguntza deiari erantzun eta sorospen taldeak bidali zituzten.

Ethiopian Airlines konpainiako zuzendari Girma Wakek bi erreskate talde bidali zituen, ezbeharra gertatutako lekura.

Garraio ministro Ghazi Aridiren esanetan, Beirutetik Addis Abebara zihoan 409 hegaldiak kontrol dorrearekin kontaktua galdu zuen goizaldeko ordu bi eta erdietan (01.30 Euskal Herrian), aireratu eta segituan.

Istripuaren lekukoek itsasoan suzko bola bat hondoratzen ikusi zutela kontatu zuten, bertako telebista kateek erakutsi zutenaren arabera.

Defentsa Ministerioko arduradunetako baten arabera, hegazkina lau zatitan apurtu zen Mediterraneo itsasora amildu baino lehen; ikerlariak hegazkina tximista batek jo ote zuen aztertzen ari direla gaineratu zuen.

Wakeren arabera, aireratzeko unean eguraldia oso txarra zen arren, istripuaren zergatia ikertzen ari dira: «Eguraldi txarra zen, baina ez dakit zein puntutaraino. Baldintza meteorologikoak hain txarrak izan balira, tripulazioak ez aireratzea erabakiko zukeen», nabarmendu zuen. Hala ere, kutxa beltzak aurkitu eta aztertu arte itxaron beharko da istripua zerk eragin zuen jakiteko.

90 lagun

Ontziratze-agiriaren arabera, 90 lagun zihoazen hegazkinean (83 bidaiari eta tripulazioko zazpi). Bidaiari gehienak libanoarrak ziren, baina, besteak beste, 20 etiopiar inguru eta bi britainiar zeuden.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo