Lan istripuan hildako arrantzalearen heriotza salatu dute Lezon
GARA
Lezon elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, iragan ostegunean J.M.L.S. arrantzalearen heriotza salatzeko. Ezker abertzaleak deituta, lan istripuan hildakoaren familia eta lagunei «dolumina eta elkartasuna» adierazteaz gain, urtea hasi zenetik lan istripuan hildako zortzigarren langilea dela nabarmendu zuten. «Zoritxarrez beste behin ere ikusi dugu lan baldintzak langileek beren bizitza galtzerainokoak direla», adierazi zuten deitzaileek ohar batetan. Patronalari egotzi zioten heriotza horren ardura, «langileak baldintza kaskarretan lan egitera behartzen» dituelako, eta, halaber, erantzukizuna erakunde publikoena ere badela zehaztu zuen, «interes ekonomikoak langileen eskubide, osasun eta bizitzaren aurretik jartzen» dituztelako.
Beste protesta bat, gaur
Gaurko protestaldia deitu du LABek Sokoan, 12.00etan, hildako arrantzaleak Txingudi enpresan zuen lantokiaren aurrean.
54 urteko lezoarra, hipotermiak jota hil zen Landetako kostan, bere itsasontzia, «L'Epaulard», hondoratu ostean. Beste lau arrantzale ere zauritu ziren.