Harri-jasotzea Errota Harria Txapelketa
Ez dago Aimar Irigoieni aurre egingo dion harririk
Errezilgo kirolariak hiru jasoaldiren aldea atera zion bigarren sailkatu zen Izeta II.ari.
Jon LEUNDA
Aimar Irigoienek indartsu jarraitzen du. Berdin da txapelketa ofizialak, torneoak, harri ofizialak, harri bereziak, ez dio axola, errezildarrak denak menderatzen ditu, eta denekin irabazten du. Azken garaipena herenegun ilunabarrean lortu zuen Iraetan Errota Harria izeneko harriarekin jokatu zen lehiaketan.
107,5 kilo pisatzen dituen harri biribila da Iraetako hau, eta zortzi kirolari neurtu ziren. Bi saio egin ziren: lehenengo, bost minutuko txanda bakarrean, denak aritu ziren. Gero, lehenengo laurek, bigarren txanda bat izan zuten, eta berriro ere bost minutuko txanda bat izan zuten.
Sekulako jendetza batu zen Iraetan norgehiagoka hau ikusteko, eta ikusi zutenarekin etxera gustura joateko moduan ziren, lan bikainak izan baitziren.
Hasieratik
Irigoienek lehendabiziko txandatik erakutsi zuen nagusitasuna. Lehenengo txanda horretan 40 aldiz berdindu zuen harria bizkar gainean. Izeta II.ak, berriz, 38 aldiz, lortu zuen harria jasotzea, eta garbi geratu zen bien artean egongo zela txapelaren lehia. Izeta III.ak 33 aldiz jaso zuen, eta baita Ostolatzak ere. Beraz, lau horiek erdietsi zuten lehen fasea gainditzea eta bigarrengoan sartzea.
Atzetik ere nahikoa gertu izan ziren. Izeta IV.ak 32 aldiz lortu zuen harria bizkarrean jasotzea, eta 31 aldiz Bellosok eta Bertizek. Urrutiak 25 eman zizkion.
Bigarren faserako lehia Irigoienen eta Izetaren artean ikusten zen, baina lehen txandan errezildarrak emandako itxuraren ostean bera agertzen zen garaipena erdiesteko faborito. Ez zuen hutsik egin, berriro ere berak eman baitzituen jasoaldi gehien, 39 hain justu. Izetak, aldiz, lehen saiokoa errepikatu zuen, 38 jasoaldi, alegia. Izeta III.ak, berriz, 34 eman zituen, eta Ostolatzak 33. Sailkapena horrela geratu zen, baina kontuan hartu behar da, lehen laurek bi txanda izan zituztela, eta besteek bana. Txapeldun Irigoien izan zen 79 jasoaldirekin; bigarren Izeta II.a 76rekin; hirugarren Izeta III.a 67rekin; laugarren Ostolatza 66rekin; bosgarren Izeta IV.a 32rekin; seigarren Belloso 31rekin; zazpigarren Bertiz 31rekin, eta azkenengo Urrutia 25ekin.