Jokoak
Herri Kirolak Bai taldea nagusitu da Hendaian
J.L.
Urruñako Herri Kirolak Bai taldea nagusitu zen larunbatean Hendaian jokatu zen bertako herri kirol torneoan. Aurrez aurre Urruñako beste talde bat izan zuten, Lagunak taldea, alegia.
Bederatzi proba izan zituzten, eta bat ez beste guztiak bereganatu zituen Herri Kirolak Bai taldeak. Lokotxekin hasi ziren lanean, eta hor heldu zen irabazleen lehen garaipena, Iriartek irabazi baitzuen.
Jarraian, txingekin aritu ziren, eta hor heldu zen Lagunak taldearen garaipen bakarra, Etxebestek irabazi baitzuen. Gero, Iriarte, Arbenoitz, Txotro, Duhalde, Olaizola-Iriarte, Goienetxe-Duhalde, eta Ostitz, denak ere Herri Kirolak Bai taldekoak, nagusitu ziren lasto-altxatzen, lasto-jaurtiketan, ingude-jasotzen, trontzan, taldekako zaku lasterketan, eta orga-jokoan. Amaieran Herri Kirolak Bai taldeak 8 puntu batu zituen, eta bat besterik ez Lagunak taldeak.
Jaialdi berean, Xabier Ostitz harri-jasotzaile urruñarrak marka pertsonala ezarri zuen 181 kiloko harri koadroa hiru minutuan bi aldiz jasota. Kirolari honen asmoak ez dira hor bukatzen, eta uda partean 200ekoa altxatu nahi du, hori baita bere ametsa. Dudarik gabe, berri ona, Lapurdin ere ari baitira harri-jasotzaileak sortzen.