Berezkoen Buruz Burukoa
Patrick Ozafrainek aurreikuspenak bete ditu, uste baino lan handiagoa eginda
OZAFRAIN 40
ALFARO 31
J.L.
Ez zen ezusterik izan Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako bigarren final-laurdenean, baina Ozafrainek uste baino lan handiagoa egin behar izan zuen Alfaro mendean hartzeko. Azken hamar kintzeak bitarte ezin izan zuen kanporaketa erabaki.
Ez zen partida ona izan; oso erritmo gutxiko norgehiagoka izan zen. Markagailuan, berriz, oreka izan zen nagusi, azkenengo hamar kintzeak bitarte berdinketa ugari izan zen, baina azken txanpa horretara akituta heldu zen Alfaro, eta Ozafrainek ez zuen barkatu; 30-30 berdinduta egon ostean, 7-0ko partziala sartu zuen, eta horrek min handia egin zion Alfarori. Patrick Ozafrainek Paxkal Ezkurra izango du aurrez aurre finalerdietan, eta bi partidara jokatuko dira. Lehenengoa datorren igandean Arrangoitzen izango da, eta aste bat geroago Donapaleun bestea.
Etxetoren eta Kurutxariren arteko dema nola bukatuko den ere eman zuten ezagutzera atzo. Etxetok osatzeko denbora dezente beharko duenez, Kurutxarik aurrera egingo du, eta honek Waltariren aurka jokatu beharko du finalerdia. Igandean Arrangoitzen neurtuko dira.