GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Irekia

Euskal herritarrok demokrazia parte-hartzailea eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen ditugu, eta gustu txarreko broma bailitzan, komunikazio kabinete berriztuak webgune bat eskaini digu, entreteni gaitezen

Modu anitzak dira munduan erakunde, instituzio, talde, elkarte eta abarren komunikazioa ulertzeko. Izan ere, «komunikazio» terminoa bera, denok erabiltzen dugun berba izan arren, ez da definitzen erraza. Zenbat buru, hainbat aburu, eta diziplina ezberdinetako adituak ez dira bat etortzen giza komunikazioaren nondik norakoak mugatzeko eta ezaugarriak zehazteko orduan. Eztabaida filosofikoetatik aparte, eguneroko bizitzan ondo ezberdintzen ditugu joera markatu bi. Alde batetik, propaganda, zentzu on klasikoan. Mezu garrantzitsu bat dago, zerbait dago komunikatu nahi dena, jakinarazi behar dena eta jendeak jakin behar duena. Zerbait hori jendearen mesedetan izaten da eta jende horrek beste zerbait lor dezan balio du. Orduantxe sartzen da propaganda jokoan, bere egitura eta formatu ezberdinetan. Askoz haratago doan helburu bat betetzeko tresna baino ez da. Bestetik, marketina dago. Kapitalismotik datorren eredua da hau. Marketinaren funtzionamendua ere erraza da: edozer saltzeko era posible guztiak arakatzen ditu, nahiz eta salgai dagoenak ezertarako ez balio. Itxura eman eta saldu. Horrexegatik aspalditik alderdiek ez dute propaganda politikorik egiten, baizik eta marketin politikoa. Horrelaxe deitzen diote. Esan barik doa hau horrela funtzionatzen hasi zela alderdiek benetako politika egiteari utzi ziotenetik. Ez dago haratago doan helbururik, ez da ezer komunikatu edo konpartitu behar: itxura bat saldu eta, dirutan kobratu ordez, botoetan kobratu.

Eta hara non Patxi Lopezen azken jostailutxoa jaio den: Irekia, webgune «partizipatiboa». Jakina da Lopezek bere azken kanpainatik 2.0rako izan duen joera: bloga, twitter, youtube... Obamaren kanpaina berton errepika zezakeela uste izan zuen, baina Baracken «change» eta Franciscoren «cambio» ez ziren oso antzekoak izan. Txapuzeroen herria izan da betidanik Espainia. Ildo honetan, Euskobarometroaren emaitzak ikusita marketin hutsari marketin gehiago aplikatu behar zitzaiola ondorioztatu zuten. Horrela, euskal herritarrok demokrazia parte-hartzailea eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen ditugu, eta, gustu txarreko broma bailitzan, komunikazio kabinete berriztuak webgune bat eskaini digu, entreteni gaitezen. 2.0rekin itsututa dauden batzuk larregi poztu dira. Hala ere, existitzen ez den helburua ezin da tresna huts batekin ordezkatu, ez bada ezerez eta deus handiagoa saltzeko. Horrelaxe konturatu zen aurkezpenean gonbidatu bat eta honelako tresna abian jartzeko asmoa ikusita ea benetako herri kontsultak edo erreferendumak egingo ote zituzten galdetu zionean, horra hor denok aldez aurretik dakigun erantzuna: «Guk ez dugu erreminta hori erabiliko, geure arduren eta konpetentzien arabera webgune hau ipini dugu martxan, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko». Komentariorik ez.

Postdata.- Patxi maitea, ez dakit zenbat bider errepikatu behar izan zenuen aurkezpen bideoko euskarazko testua. Meritua ez dizut kenduko, egia esan matxangoek ere meritua izaten dute zerbait imitatzen dutenean, baina, txo, euskarazko «ixa» ez da «ekis» eta, hortaz, ez da «iksten» esaten, «ixten» baino. Trankil, seguru ez duzula sekula ikasiko, hizkuntza bat ikasteko erabili egin behar baita...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo