Mikel Garcia Antenarik Ez hiritar taldekoa
Celaa sailburua, ordenagailuak eta WiFia
Sailburu andrea, aurrera dezagun osasunean eta teknologia garbian. Zergatik ez kablea, garestiago delako?
Bada programa bat EAEko Gobernuan teknologian, informazioan eta komunikazioan oinarritzen dena eta eskoletako ikasketa-sistema hobetzera bideratuta dagoena; azken batean, ordenagailua erabiltzen ikasteko. Horra artekoan esan dezagun asmoa egokia eta beharrezkoa dela.
Ez dena hain egokia eta osasungarria da ordenagailu horiek erabiltzeko, WiFia ezinbestean jarri nahi izatea ikastetxe guztietan. Sailburu andrea, antenarikez@gmail.cometik ordenagailuen konexioetan kablea erabiltzera gonbidatzen zaitugu.
Zuk EAEko Legebiltzarrean egindako adierazpenek egiaren antzik ere ez dute diozunean ez dagoela «Europako Parlamentuaren berariazko gomendiorik WiFiari buruz». Gogoratu nahi dizut zeure alderdiko kideek, baita Europan ordezkaritza duten alderdi guztiek ere, esan nahi baita europarlamentariek, 2009ko apirilean Europako Parlamentuan honako erabaki honen alde bozkatu zutela:
B) Kontsideratuz, haririk gabeko sistemek (sakelako telefonoa, WiFi-WiMAX-Bluetooth, oinarri finkoko telefonoak «DECT») giza osasunarentzat eragin kaltegarriak izan ditzaketen eremu elektromagnetikoak (EEM) isurtzen dituztela.
M) Kontsideratuz, IEC/EN 60601-2-33 segurtasun-arauak EEMentzat muga-balioak ezartzen dituela, eta balio horiek paziente edo langileentzat arriskua erabat saihesteko neurrietan jarri direla.
Nazioarteko zientzialari, ikertzaile eta osasungintzako talde batek egindako «Bioinitiative» izeneko txostenean (2007ko iraila) honako hau dio: «Osasun-erakundeek eta eskolako agintariek saihestu egin beharko dute edota erabat debekatu eskola-eraikinetako eta inguruetako teilatuetan antena-posteak jartzea (300 metroko erradio batean) eta murriztu beharko dituzte WiFi sarearen instalazioak ikasgeletan, haurtzaindegietan eta aisialdiko etxeetan. Eta desaktibatu edo kendu ere egin beharko lituzkete dauden haririk gabeko instalazioak, edota, borondatearen kontra, euren umeek erradiaziopean dituzten familientzako FR erradiaziotik aske leudekeen gelak atondu beharko lituzkete».
Segurtasun Elektromagnetikoaren Nazioarteko Batzordeak (ICEMS), 2006ko otsailaren 22tik 24ra bildua, ondorio batzuk atera zituen Benevento-ko erabakien bidez, besteak beste, hauxe dioela: haririk gabeko sistemak saihesteko, alternatibak sustatzea, esaterako, zuntz optikoa edo kable koaxialak.
Gainera, urte horretako irailean, Europako Ingurumen Agentziak (EEA) adierazten du eremu elektromagnetikoetarako finkatuta dauden esposizio balioak berrezarri behar direla eta, horien artean, baita WiFi sistemek igortzen dituztenenak ere.
Txosten horiek guztiak ezagutzen dituzu zuk, edota zure kontseilari-taldeak, eta hargatik dira larriagoak zure adierazpenak.
Sailburu andrea, segi genezake zure argudioak goitik behera botatzen beste hainbat ikerketa aipatuz, baina uste dut zuk zeuk zapuzten dituzula argudio horiek EAEko Parlamentuan WiFia hirietako, kafeetako eta eskoletako negozio bezala planteatzen duzunean.
Sailburu andrea, aurrera dezagun osasunean eta teknologia garbian. Zergatik ez kablea, garestiago delako? Edota WiFia interesatzen zaigu negozioaren atzetik gabiltzalako eta merkeagoa delako?