GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Ezpeletako pottoka feria

Untxiz, zaldiz, oiloz eta gameluz inguraturiko pottokak

Ohiko Pottoka Feria iragan da azken bi egunotan Ezpeletan. Asteartean zaldi txikiak izan ziren nagusi; atzo, berriz, oilo, untxi, behi eta zaldiak ikusi ziren gehienbat merkatu estalian. Hotz egin arren, Ezpeleta eta inguruko herrietako lagun ugari bildu zen, une gozoa igarotzeko joanak.

p019_f01.jpg

Ainize BUTRON

Kalakak izan ziren nagusi atzo Ezpeletan. Gaur ere halaxe izango da. Aspalditik elkar ikusi ez duten lagunen artean biltzeko baliatu zuten askok urteroko Pottoka Feria, eta, Zuraide, Larresoro edo Itsasu herrietako bizilagunekin batera, baziren Heletatik hurbildutakoak ere.

Bi mendez dirauen bilgune berezi hori Pottoken salerosketarako hitzordu nagusi bat izan da luzaz, baina azken urteotan krisia dela medio, jarduera hori murriztuz joan da. Duela urte batzuk pottoka ehun eurotan saltzea lortzen zuten; azken bi urteotan, ostera, prezioa bitan zatitu dela jakinarazi zuten abeltzainek. «Ezpeletako ferian parte hartzeko 90 euro ordaindu behar dira», argitu zuten diru xahutze handia zela nabarmenduz. Merkatua baino, Ezpeletako feria, lekuko mendiak bereizten dituzten zaldi txiki horien erakustoki da egun. Hala, abeltzainak pottokak hurbildu zituzten astearte goizean Ezpeletara, merkatu estaliko inguruak okupatzera.

Orotara, antolatzaileen erranetan, berrehun bat arraza elkartuak ziren, eta, bertan zeuden guztien ahotan pottoken inguruko solasaldiak izan ziren nagusi. Halere, ez ziren horiek izan astearteko aktore bakarrak, pottoken artean, zaldiak eta gameluak ere ikusi baitziren. Azken horiek askoren ikusmina piztu zuten.

Asteartean zaldiak izan ziren nagusi, eta atzo, berriz, untxiak, oiloak, hamsterrak eta behiak lekutu ziren Ezpeletan. Aurreko egunaren gisara, inguruetako herritarrak hurbilduak ziren bertara egun gozo bat igarotzera. Hotz handia zenez, ostatu eta jatetxeak gainezka ziren, merkatuko bazterrak nahiko lasai utziz.

Zaldi gurdiak ikusgai

Bezperan zaldiz josiak agertu ziren bazterrak, biharamunean itxura guztiz bestelakoa azaldu zuten. Jantzi, jostailu eta laborarientzako tresneria salgai jarriak zituzten salguneak zeuden gehienbat. Eta, merkatu estalian, berriz, oiloak, untxiak, behiak eta zaldi multzo bat bildu zituzten. Horretan ere, abereei buruzko komentarioak entzun ziren: «Ez nuen sekula pentsatu horrenbeste untxi mota zegoenik».

Kaioletan sartuak, neurri txiki zein handikoak, belarri luze zein laburrekoak edo ile luzeko zein motzekoak preziatzeko aukera izan zen. Horiekin ere, mota eta kolore guztietako oilo eta oilarrak zeuden. Atzo, asteazkena zenez, neurri txikiko abereek umeak erakarri zituzten gehien bat. Guztiak txunditurik ziren untxiak laztantzen eta oilarren kantak entzuten.

Halere, atzo, zaldi gurdiek izan zuten arrakasta bereziki. Senpereko François Bidart zaldi abeltzainak Estatu frantseseko zaldi mota horretako zortzi arraza erakusgai jarriak zituen. Ardena, Frantzia iparraldea edo Bretainiatik etorritako abereak ziren horiek.

2009ko edizioarekin alderatuta, aurtengo feria arrakastatsua izan da, baina askorentzat oraindik «urrun gaude duela hiru-lau urte biltzen zen jendetzatik». Feria bera egun bakarrekoa zen hasieran. Urtero izaten zuen arrakasta ikusita bi egunetan egitea erabaki zen. Aurten, Ezpeletako Herriko Etxeko agintariek egin dituzten adierazpenetan, berriz ere, egun bakarreko feria bihurtzeko aukera aipatzen zen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo