GARA > Idatzia > Ekonomia

LABek Funverako borroka «eredugarriaren» amaiera «negargarria» kritikatu du

Enpresak 47 langile kaleratu ostean, abenduan hasitako greba mugagabearekin jarraitzea erabaki zuten langileek, «kaleratu oro enpresara itzuli arte». ELAk, ordea, «amore eman» duela adierazi du LABek.

p031_f01_148x103.jpg

GARA | BERA

Berako Funvera enpresako langile eta LABeko kideek prentsaurrekoa egin zuten atzo, lantoki honetako langileek azken asteetan egin duten «borroka eredugarria» goraipatu, baina borroka berak izan duen «amaiera negargarria» deitoratzeko. Zehazki, ELA sindikatuak hartu duen jarrera salatu zuten gogor, honek «amore eman» eta enpresaren azken eskaintza onartu duelako.

Funverako langile guztiek greba mugagabeari ekin zioten pasa den abenduaren 2an zuzendaritzak aurkeztutako enplegua erregulatzeko espedientearen aurka. Aurretik bi espediente aurkeztu eta ezarri zituen jada zuzendaritzak, eta azken honekin 55 langile kaleratzeko asmoa zuen. Greban zeuden bitartean mobilizazio ugari egin zituzten langileek, Iruñean nahiz Bortzirietan. Azkenik, urtarrilaren 5ean Nafarroako Lan Ordezkaritzak 47 pertsona kaleratzeko espedientea onartu zuen.

47 lagunak kaleratu ondoren, enpresa batzordeak proposatuta, Funverako langileek greba mugagabearekin jarraitzea erabaki zuten, «kaleratu oro enpresara itzuli arte».

LABeko kideek azaldu zutenez, enpresa «oso urduri» zegoen langileen greba zela-eta. Hala, urtarrilaren 18rako pre- miazko bilerara deitu zuen batzordea. Bertan, hurrengo bi urteetan langileren bat kontratatu behar izanez gero, kaleratutakoak kontratatzeko eskaintza egin zioten batzordeari. Bestela, enpresaren etorkizuna kolokan jarriko zela esan zieten.

Ordura arte, ELA eta LABen arteko adostasunez eman zituzten urrats guztiak. Bilera horren ostean, ordea, grebaren jarraipenari buruzko bozketa egin behar zela adierazi zuen ELAk, «modu honetan enpresaren mehatxuari men eginez», kritikatu zuen LABek.

Proposamena enpresari

Hala nola, urtarrilaren 5ean grebarekin jarraitzea erabaki zutenean enpresak mehatxuak erabiliko zituela bazekitela azpi- marratu zuten. Horregatik, grebaren jarraipenari buruzko bozketa egin beharrean, enpresari proposamen bat egitea planteatu zion LABek ELAri. Hala, pasa den urtarrilaren 21ean ondoko proposamena azaldu zioten bi sindikatuek enpresari: kaleratutako langileak lanera itzul zitezela abenduaren 31rako.

Enpresak, ordea, eskaera baztertu, eta aurreko proposamenari eutsi zion, bi urteko tartea lau urtera luzatuz. «Argi zegoen enpresa oso urduri eta ahul zegoela, eta langileak lanera bueltatzeko premia larria zuela», esan zuen LABek. «Baina egoera horretaz baliatu eta egun batzuk gehiago eutsi beharrean ELAk amore eman eta enpresaren eskaintza onartu zuen».

Lanpostuen defentsan

ELA sindikatuak bultzatuta, beraz, bozketa egin zuten lantegian pasa den astelehenean. 149 langileetatik 70ek greba etetea babestu zuten. 16rek jarraitzearen alde bozkatu zuten eta 10 boto zuri izan ziren. 51 lagunek, berriz, bozketan ez parte hartzea erabaki zuten.

LABek Funverako langileek beren lanpostuen defentsan egindako «izugarrizko ahalegina» azpimarratu zuen atzo. «Nafarroan langile gutxik eman dute hainbeste, kaleratutako euren kideen alde», adierazi zuen. Baina tamalez, «irabazteko aukera handiak zeuden unean, ELAk amore eman eta ordura arteko ahalegin guztia pikutara bidali du», esan zuen.

LOR ZITEKEENA

Grebari eutsiz gero, enpresa batzordeak egindako proposamen «bideragarria», hau da, kaleratutako 47 langileak abenduaren 31rako berriro lanera itzultzea lortzeko «aukera handiak» zeudela esan zuen LABek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo