GARA > Idatzia > Mundua

Bi Koreetako armadek beste liskar bat izan dute Itsaso Horiko uretan

Ipar eta Hego Koreako armadek elkarri tiro egin zioten Itsaso Horiko uretan. Ipar Koreako Armada ariketak egiten ari da inguru horretan eta ontzi batek tiro egin zuen. Hego Koreako soldaduek tiroka erantzun zuten. Bi herrialde hauek maiz izaten dituzte liskarrak.

p027_f01_149x109.jpg

GARA

Bi Koreek elkarri tiro egin zioten atzo bi herrialdeen arteko mugan Itsaso Horian. Azken liskarra duela hiru hilabete jazo zen, bi ontzik elkarri jo ziotenean, Seul eta Piongiangen arteko harremana sutan jarri zuelarik.

Ipar Koreako artilleriak bateriak erabili zituen tiro egiteko bi herrialdeen arteko mugan, Hego Koreako Defentsa Ministerioak adierazi zuenez. «Gure armadak Vulcan kanoien ohartarazpen tiroekin eta irratiko mezuekin erantzun zuen», azaldu zion France Presse agentziari Ministerioko eledun batek.

Joan den hilabetean, Ipar Koreak bi herrialdeen arteko mugako uretara ez hurbiltzeko gomendatu zien Hego Koreako ontziei, bere Armadak ariketak burutuko zituelako.

Piongiangen tiro ariketak

«Koreako Herri Armadaren artilleriako tiro ariketak egiten jarraituko dugu ur horietan», adierazi zuen Ipar Koreako estatu nagusiak KCNA agentziak zabalduriko komunikatu batean.

Hego Koreako Yonhap agentziaren arabera, Ipar Koreako Armadak sei tiro jaurti zituen Hego Korearen kontrolpean dagoen Baengnieong uhartetik gertu. Irla horretan zeuden Hego Koreako militarrek hiruzpalau kilometroko helmena duten obusekin erantzun zuten.

Tiroketa hauek ez zuten zauriturik eragin. Halere, Itsaso Horiko bi Koreen arteko muga oso gune gatazkatsua da eta ontzien arteko liskar ugari izan ohi dira bertan. Larrienak 1999an eta 2002an izan ziren.

Azkena joan den urteko azaroan izan zen. Hego Koreako agintariek Ipar Koreako ontzi bati kalte handiak eragin ziotela adierazi zuten, bi herrialdeen arteko muga zeharkatu zuelako ohartarazpen tiroei jaramon egin gabe.

muga beroa

Nazio Batuek ezarri zuten Ipar eta Hego Korearen arteko muga 1950 eta 1953 bitarteko gerraren ostean. Halere, Piongiangek ez du ezarritako marra onartzen eta hegoalderago eramateko eskatzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo