Binakako Txapelketa
Labriteko materiala luparekin aztertuko dute larunbatean
Aurreko astean Irujok eta Beroizek atera zuten pilota biziak kexa asko sortu ditu zaleen artean. Olaizolak eta Mendizabalek berriz jokatuko dute Labriten.
Asier AIESTARAN
Binakako Txapelketaren laugarren jardunaldia, lehen itzuliko azkena, hasi da berotzen. Bi material aukeraketa egin zituzten atzo, Iruñean eta Zornotzan, eta jadanik badira zenbait bikote irabazteko premia bizian dabiltzanak. Horixe da, adibidez, Olaizola II.a-Mendizabal II.a eta Berasaluze VIII.a-Begino bikoteen kasua, lehen hiru partidetan puntu bakarra bildu baitute.
Ikusmin handiena sortu zuena Labriteko material aukeraketa izan zen. Ez da ahaztu behar, aurreko larunbatean Aimar Olaizolak eta Oier Mendizabalek bertan jokatu zutela Irujo eta Beroizen aurka, eta bai beraiek eta bai bertan izandako ikusle asko ere oso kexu azaldu zirela Irujok eta Beroizek ateratako pilota bat biziegia izan zelako.
Asteburu honetan, Aimarrek eta Oierrek Sebastien Gonzalez eta Aritz Laskurainen aurka neurtuko dituzte indarrak, eta materiala arreta handiz aztertua izango da. Aukeraketan, pilotariek nahiago izan zuten zuhur hitz egin, larunbatean piloten portaera aldatu egin baitaiteke hainbat faktore ezberdinen ondorioz, beroa esaterako.
«Gu pozik geratu gara gure pilotekin. Beraienak ezberdinak dira. Bat nahiko bizia dela iruditu zait, eta beste biak oso motelak. Ikusiko dugu partida egunean zer-nola erantzuten duten», adierazi zuen Gonzalezek. Aipagarria da, Irujok aurreko larunbatean ere kexa bera azaldu zuela aurkarien pilotekin, motelegiak izatea, hain zuzen. Gonzalez eta Laskurain bi garaipenekin dira sailkapenean, eta larunbatean irabaziz gero, urrats handia emango dute finalerdietarako sailkapena lortzeko bide horretan.
Zornotzan, bestalde, Titin III.a-Pascual eta Berasaluze VIII.a-Begino bikoak izan ziren. Titinek eta Pascualek pilota astunagoak hautatu zituzten (105,3-106-106,1 gramo) eta Pablitok eta Beginok arinagoak (105-105,6-105,7 gramo).