GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Davos, beren «mundua» hobetu nahi dutenen bilgune

Munduko Foro Ekonomikoa irabazi-asmorik gabeko erakundea omen da, eta atzo Davosen hasi zen urteroko bileraren aurtengo goiburuak -«Munduaren egoera hobetu: birpentsatu, birdiseinatu eta berreraiki»- ondo definitzen du hara bildu ohi diren ekonomia, enpresa eta politika arloetako liderrek omen duten konpromisoa. Hartara, bilera «sistema ekonomiko eta finantzarioa birpentsatzeko» plataforma izatea nahi dute. Joan den urtean hondoratzear egon zen sistema birpentsatu behar da, hura iraunarazteko, eta inola ere ez ereduz aldatu. Bileraren goiburuari kasu egitera, sistema birpentsatzeak mundua hobetu beharko luke; hala ere, badirudi Davosera bildutakoek beren «munduaz» ari direla, eta ez planetako herritar guztienaz, eta horren adibide izan litezke Estatu Batuetako bankurik handienetako arduradunak, zenbait iturriren arabera, Barack Obamak iragarri zuen finantza entitateen arrisku handiko operazioak saihesteko asmoari aurre egiteko jarrera bateratua adostu nahi baitute Davosko egonaldian.

Nolanahi ere, Davosko bilera lekuan-lekuan entzuten ez diren informazioen berri jakiteko gune egokia ere bada; esate baterako, Estatu espainola «berehalako mehatxua» eta «hondamendi arriskua» dela Eurogunearentzat, krisi ekonomikoa aurrez iragarri zuen ekonomialariaren arabera. Ikuspuntu kontua?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo