Arazoak Espanyolen aurkako neurketari begira
Defentsarik onena, zentralik gabe ez geratzea
Zuri-gorriek arazorik gabe irabazi zioten Leioari (1-7) Sarriena futbol-zelaian jokatutako lagunartekoan.
GARA | BILBO
Zenbait talde Kopako final-laurdenetako kanporaketak jokatzen daudela aprobetxatuz, Athleticeko jokalariek saio bikoitza izan zuten atzo. Goizean Lezaman entrenatu eta gero, arratsaldean lagunarteko partida jokatu zuten Leioaren aurka Sarriena futbol-zelaian.
Bilbotarrek Espanyol izango dute aurkari datorren larunbatean, Cornella-El Praten. Caparrosen taldearen egoera onari alde txarra jartzekotan, atzelari zentralen egoera da. Izan ere, entrenatzaileak ez du jokalari espezifikorik postu horretan aritzeko.
Katalanen aurkako neurketarako baja izango dira ziur Mikel San Jose, zigortuta dagoelako, eta Aitor Ocio gasteiztarra, lesio batetik sendatzen ari dena. Aukerak murrizten dira Fernando Amorebieta titularra gastroenteritisak jota dagoela jakinda. Durangokoa, gainera, duda da larunbaterako. Ustaritz Aldekoaotalorak, aldiz, lehenago utzi zuen taldekideekin egindako lana, bera bakarrik entrenatzeko.
Ezusteko horien aurrean, Caparrosen ideietako bat Xabi Etxeita gaztea zelairatzea izan zitekeen, baina atzelaria ere lesionatuta dago -aurreko ostiralean ebakuntza egin zioten Munichen-, eta gainera, Cartagena taldean arituko da utzita denboraldi amaiera arte.
Hau guztia dela-eta, Athleticek bigarren taldeko Mikel Santamaria 22 urteko jokalariaren fitxa indarrean jarri du, eta Espanyolen aurkako neurketarako deialdian sar liteke.
Bestalde, Mauricio Pochettino Espanyoleko entrenatzaileak atzo adierazi zuenez, Afrika Kopan aritu den Carlos Kameni atezainari titulartasuna itzul diezaioke Athleticen aurka aritzeko. «Dilema ederra daukagu horrela, bi edo hiru atezainak edukita. Kameni nahiko nekatuta etorri da, eta gaur (atzo) ez da entrenatu, aireportutik zuzenean etorri baita. Fisikoki eta mentalki nola dagoen eta jokatuko duen ala ez ikusi beharko dugu», nabarmendu zuen Pochettinok.
Garaipena Leioan
Leioaren aurkako lagunarteko neurketari dagokionez, Athleticek 1-7 irabazi zuen, De Cerio, De Marcos, Etxeberria, Gabilondo, Guillermo (bi) eta David Lopezen golei esker. Leioaren gola, aldiz, Retegik egin zuen.
Atzo jakinarazi zutenez, Athletic Lakuako Gobernuarekin babesle kontratu bat sinatzetik oso gertu dago. Europa League txapelketarako izango litzateke, eta litekeena da kamisetan «Basque Country» jartzea.