GARA > Idatzia > Euskal Herria

Parekotasunean oinarritu du Europe Ecologie Aquitainek hautes-zerrenda

Arantxa MANTEROLA |

Dela emakumeen eta gizonen artekoa, dela biarnes eta euskal hautagaien artekoa, dela Berdeetako militante eta independenteen artekoa, parekotasuna da Europe Ecologie Aquitainek (EEA) atzo Baionan aurkeztu zuen hautagai-zerrendaren ezaugarri nagusia. Izan ere,zerrenda erdia Berdeetako militantez osatua dago eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hautagaiak ere neurri berean daude.

RPS -Régions et Peuples Solidaires- federazioko partaide diren okzitaniar eta abertzaleen arteko proportzioa ere paretsua da.

Eusko Alkartasunatik Manex Pagola eta Halima Sabri baionarra kokatu dituzte hurrenez hurren zerrendaren bederatzigarren eta hamalaugarren postuan.

Akitanian Monique de Marcok gidatzen duen hautagaitza, Pirinio Atlantikoen departamenduan Partit Occitan-eko -Okzitaniako Alderdi- kide David Grosclaudek zuzenduko du. Bigarren eta hirugarren hautagaiak euskal herritarrak dira, Alice Leiziagezahar Euskal Herriko Berdeetako bozeramailea eta Akitaniako Kontseiluko lehendakariorde Jean Lissar, hurrenez hurren.

AHT, «pisu handia»

Europe Ecologie Aquitaineren egitasmoaren nondik norako zehatzak oraindik azaldu ez badituzte ere, atzokoan, argi utzi zuten AHTrako burdinbide berriaren proiektua gai «erabakigarria» dela, batez ere Ipar Euskal Herrian eta «pisu handia» izango duela akordioetarako. Egun PSrekin gobernu akordioa dutenek ez zuten, hala ere, ziurtatu zein izango den beren jarrera: «Lehen itzuliko emaitzak jakin arte itxaron dezagun» esan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo