Oskarbik Bitoriano Gandiaga zenaren poemak kantatuko ditu Donostian
Egungo hainbat poeten lanak irakurri eta kantatuko dituzte Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko areto nagusian, Gipuzkoako Aldundiak eta Irungo Kabigorri Ateneoak antolatuta. Aurtengo Olerki Topaketak gaurtik hilaren 5era izango dira KMKn eta 10etik 14ra Kabigorrin, guztiak 19.30ean. Gaur Oskarbi taldeak -1966an sorturiko musika talde honek ibilbide luzea egin du euskal kantagintza berrian- Bitoriano Gandiaga zenaren poemak kantatuko ditu. Bihar, «Dialogos con la poesía de Jose F. de la Sota» jardunaldia izango da, Jose F. de la Sota kazetari eta idazlearen eskutik. Ostegunean, berriz, Javier Sistiagak, Claudio Rodriguezen «Don de la ebriedad» lanaren irakurketa egingo du, Esther Barandiaranek pianoarekin lagunduta. Koldo Mitxelenan izango den azken emanaldian, ostiralean hain zuzen ere, Andoni Salamerok bere «Hitz- bidean ttakunka» lana errezitatuko du, Ttikia ta Handia-ren Txalapartak lagunduta. Irungo Kabigorri Ateneoaren egoitzan izango dute jarraipena aurtengo Olerki Topaketek eta bertan, besteak beste, Koldo Izagirrek hartuko du parte (hilaren 11n).