Maider Eizmendi Kazetaria
Erakusteagatik estaliak
Gaiaren inguruan egin diren ikerketek diote emakumeek baino gizon gehiagok egiten dutela federatutako kirola. Neska-mutilen artean aldeak murritzagoak dira, baina urteek aurrera egin ahala neska askok bertan behera uzten dute kirol jarduera.
Errealitate honen oinarrietan dago neskatilei mutilen aldean beste balore eta lehentasun batzuk gainjartzen zaizkiela «ume izate hori atzean» uzten ari direnean. Kirol jarduera uzteko erabaki horretan, noski, bizimodu eroso eta distiratsua daramaten emakumezko kirolari eredu asko ez izateak ere badu eragina.
Emakumezko kirolari asko, «benetako» kirolariak dira, pistetan zein pistetatik kanpo lehiatu behar izaten baitute. Lasterketarik luze eta gogorrena aurreiritzien kontra korritu behar izaten dutena da maiz, sponsor-ak lortzeko jokatu behar izaten duten borroka round-a edota behin meritua eginda egunkarietako lehen orrian beren burua ikusteko garaitu behar duten hesi-lasterketa. Bai, ia ezinezkoa da eta, hala ere, makina bat dira, gero eta gehiago.
Hortik, hain zuzen ere, asteburu honetan AEBetako Los Angeles hiritik iritsitako irudien aldrebeskeria. Los Angeles Temptation eta San Diego Seduction (izenak ere xelebreak) futbol taldeen arteko partidakoak ziren, baina jokalariei apenas ikusten zaie horietan balioagatik lehian. Ospakizunetan, saltoka eta elkarri helduta ageri dira, lagun taldean baileuden.
Argazkilariak eta seguru asko bertan bildutako ikusle gehienak jokoan ez beste nonbait jarria zuten arreta. Babes neurriak bai, baina apenas ipurmasailak estaltzen dizkieten kulerotxoak eta bularretakoa jarrita ateratzen baitira liga horretan diharduten taldeetako jokalariak zelaira (seguru irakurleren bat jada hasi dela bilatzailean taldearen izena sartzen, eutsi tentazioari amaitu arte behintzat). Egia esateko, erakusteko moduko gorputz gihartsuak uzten dituzte agerian, zelaian eta gimnasioan egindako lan eta esfortzuaren erakusle direnak; erakutsi behar horrek, ordea, estali eta desitxuratu egiten ditu eredu bila dabiltzan neskatilen begietara.