Maider Alustiza Lasa Jon Enparantzaren emaztea, Donostia
Beste pauso duin bat
Iragan asteazkenean, urtarrilaren 27an, bost euskal herritar zitatu zituzten «espainiar entzutegian» epaiketa fartsa batean parte hartzera.
Horietatik bik, prentsa aurrean esan bezala, uko egin zioten inolako sinesgarritasunik ez duen justizia horren tresna lotsagarriaren parte izateari.
Epaileak (lotsa ematen dit horrela deitzea), biak atxilotu eta espetxera sartzeko agindua eman zuen, eta hiru egun luzeren ostean, haien zakurrak etxera ekarri eta eraman egin zituzten: «Si se porta bien y no me monta el espectáculo no le tendré que engrilletar»... «¡estás deteniendo a un abogado, eh!», «ya lo sé, lo siento». Kuriosoa, duela bi urte Madrilera eraman zutenean atxilotuta (orduan ere ez ziren aurkeztu) epaileak ere barkamena eskatu zion atxiloketagatik... lotsagarria dela bai badakite. Eta zer? Inpunitate osoz aritzeko aukera eta tresna guztiak dauzkate, lotsagarria bada ere.
Egun osoa (gaua barne) pasa da eraman zituztenetik, eta ez dugu haien berririk. Inork ez digu esan nahi non dauden, komisaldegian, espetxean, entzutegian, mendian... beraien «justiziaren» adibide ankerra.
Lagun batek hots egin zidan: «jakin dut, Jon joan da ezta?». «Ez -esan nion- Jon eraman egin dute». Eta alde ederra dago, bere familiarentzat bederen. Duintasunaren eredu izugarria bere bost seme-alaba eta emaztearentzat. Gogorra dudarik gabe, latza benetan, baina chapeau Jon. Berarentzat guretzat bezain latza eta mingarria izanik ere, ezagutzen duen orok daki familia eta Euskal Herriaren askatasunari dedikatua dagoela eta zaila bada ere biak uztartzea, lortu izanaz harro gaude.
Gatzak 30 urte daramatza espetxean, 25 urte zeramatzanean omenaldia egin zioten eta hori terrorismoa goratzea omen da... Alabak esan zion: «Jon, omenaldira joatea ondo iruditzen zait, baina ez igo horra gora, amak ezingo du bost seme-alabekin bakarrik!». Ba bai, amak ahalko du, beste Euskal Herriko ama eta aita askok bezala eta aitak jarraituko du presoen bozgorailu izaten, haien askatasunaren alde, haien eskubideen urraketaren aurka eta herri honek bizi duen gatazkaren konponbidearen alde lanean. Barrutik ala kanpotik, baina zutik. 750 familia espetxez espetxe astero, ehundaka kilometro egin ostean haien eskubide minimoak nola urratzen dituzten pairatzen, baina zutik. Harro gaude, zurekin, Estanisekin eta Kolektiboko preso guztiekin, erakusten duzuen duintasunagatik, zuen familioi transmititzen diguzuen indarragatik.
Lagun batek haurrek edozein egoeratara egokitzeko duten abilezia izugarria dela esan zidan (bi urte zituela atxilotu zuten bere aita eta hogei bat urte eman ditu espetxean). Anaiak hau «resiliencia» dela adierazi zidan (gizakiok egoera zailetara egokitzeko dugun kapazitatea). «Aitatxo?» galdetu du etxeko txikienak. «Aitatxo papo» esan dio arrebak... Ba ez, papo ez! Biziraupenaz asko dakigu Jonek eta biok, eta egoera berrira ohitu beharko dugu nolanahi, baina ez digute aitatxo kenduko ez dute borrokalari bat kenduko. Bahitu egin dute, urrun eraman, eskubideak murriztuko dizkigute, baina hor jarraituko dugu, etxean izango dugu, beste modu batean baina tinko ekingo diogu guztiari.
Harro gaude euskal preso politikoen alde urte luzeetan burututako lanagatik. Harro gaude espainiar entzutegi horretako zirkuaren azken saioan parte ez hartu izanagatik. Eta harro zure proiektu handienean, gure familia, ematen duzun guztiagatik. Malko artean esaten badugu ere, zure hutsunea jasangaitza bada ere, mila esker erakutsitako duintasunagatik.
Animo eta laster arte!