GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ibai Agirrebarrena SEGIko kidea eta euskal preso politikoa

Gazte bira, abiapuntu sendoa

Gazteriak betebehar moral bat dauka bere eta besteen geroa hobetze aldera, izan ere, geroaren existentzia gazterian datza eta gero horren egoera ere bai Bira honen bitartez, gazte aniztasunak sorturiko dinamika sendo eta iraunkor bat aitzina eraman daiteke, hala nola Ipar Euskal Herriko arazoei konponbidea eman diezaiekeen dinamika

Ekonomia eta finantzak errege diren garai hauetan, politikari profesionalak, boterea duten erakunde politikoak eta oro har sistema ekonomiko-sozial hau mantentzen ari direnak guztiz jasangaitzak eta onartezinak dira. Ipar Euskal Herriko lurralde eta biztanleekiko errespeturik gabe jokatzen ari dira eta gizarteak aurki ditzakeen arazoen aitzinean ez-ikusiarena egiten segitzen dute.

Liberalismo basatia handitzen doan heinean, edonor eror daiteke prekarietatearen zepoan, egun batetik bestera edonork ezagutu dezake pobrezia egoera bat. Gainera, euskaldunak izaki, gure nazioaren ukapenean oinarritutako problematika ugari jasan behar ditugu eta nazio errebindikazioak ez dira aintzat hartuak, herri ikusezin bat bagina bezala.

Gazteon egoerak ere larritasun puntu berezi bat du. Gazteok gainditu beharreko erronkak gero eta gogorragoak dira, batzuetan gaindiezinak izateraino.

Ikasketetan adibidez. Ezin ditzakegu gure aukerako ikasketak euskaraz burutu, ezta gure herrialdean ere; Bordelera edo Pauera joan behar gara eta frantsesez soilik ikasteko hautuarekin.

Lan munduan sartzea ere erronka bat da. Langabeziak zuzenean hunkitzen gaitu eta gure esplotazioa ahalbidetzen duten kontratuen bidez trapu zahar batzuk bezala erabiltzen gaituzte. Halaber, langabeziaren diru laguntzarekin edota gazte baten lan-sari batekin zaila da autonomia izatea, askotan are ezagutzea ere.

Beste arazo larri bat, nola ez, etxebizitzaren problematika da. Gaur egun Ipar euskal Herrian, gazte batentzat etxebizitza eskubide izatetik pribilegio izatera pasa da. Bai alokairuek eta baita jabetza prezioek ere gazteriaren ahalak gainditzen dituzte. Aldiz, atzerritarrak gure ama-lurra eta etxeak erosi eta berenganatzen ari dira. Gureak izan beharko luketen bizi-tokiak, urtean behin aisialdirako erabiltzen diren etxeak izatera pasa dira.

Ezin bazterrean utzi gure nazioaren ukapenaren ondorioz jasan beharreko egoera. Hizkuntza mailan adibidez, euskararen erabilera etengabe mugatua zaigu eta bere egoera kaskartzen ari den une hauetan botereak ez du hatz txikia ere mugitzen.

Errepresio mailan aldiz, baliagarriak iruditzen zaizkien bitarteko guztiak ezartzen dituzte martxan: itogarria den presentzia poliziala, DNA fitxaketen normalizazioa, zitazioak, atxiloketa masiboak... Frantses Errepublikak gatazka politikoari irtenbidea eman ordez, errepresioa eta asimilazioa eskaintzen dizkigu.

Ezagupenarena izan behar lukeen garaia oztopoz beterik dugu, gazteria arazoek gainditurik atzematen ari da. Argi da egoera honek ezin duela berdin segitu eta jakin ere badakigu herri honen gidaritza dutenek ez dutela deus egiteko asmorik. Nola utz dezakegu gure geroa beraien eskuetan? Guk geuk eragin behar dugu aldaketa! Gure gaurko eta biharko egunak hobetzearen alde has gaitezen lanean, har ditzagun erantzukizunak, hauts dezagun sistema honek bultzaturiko inertzia eta piztu gaitezen gure balore eta eskubideen defentsan.

Teoriatik praktikara pasa gaitezen: urtarril eta otsailean zehar, gazte mugimenduak «bira» bat antolatu du Ipar Euskal Herriko problematikaren inguruan. Abiapuntu sendo bat izan daiteke gazteok bildu eta elkarlanean hasteko. Gazte ororen parte hartzeak garrantzia du, bakoitzaren ekarpenek, izan handi ala txiki, aberastuko baitute desiotik errealitatera pasa nahi dugun elkarlana. Bira honen bitartez, gazte aniztasunak sorturiko dinamika sendo eta iraunkor bat aitzina eraman daiteke, hala nola Ipar Euskal Herriko arazoei konponbidea eman diezaiekeen dinamika. Beraz, ez dezagun aukera hau galdu, biran elkartu eta has gaitezen urrats berri batzuk ematen.

Hari honetatik tiraka, martxoaren 6an Makean Gazte Eguna izanen da. Egun horrek biran hasitako elkarlanaren segida adieraziko duenez, Ipar Euskal Herriko gazte mugimenduaren potentziala erakusteko parada izanen dugu. Hori jakinik, ezin dugu ahantzi bertaratzea.

Gazteriak betebehar moral bat dauka bere eta besteen geroa hobetze aldera, izan ere, geroaren existentzia gazterian datza eta gero horren egoera ere bai. Bakoitzak harrixka bat emanez eraikiko dugu biharko etxea. Euskal gazteria aitzina!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo