GARA > Idatzia > Kultura

Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain berriak izendatu zituen urtarrilaren 29an Donostian egindako osoko biltzarrean

GARA | DONOSTIA

Euskaltzaindiak hamaika ohorezko euskaltzain berri izendatu zituen iragan urtarrilaren 29an Donostian egindako osoko batzarrean, aldiro-aldiro eta jakina denez, egin ohi duen moduan, «bere arautegiaren arabera eta euskarari egindako mesede bikainengatik». Ohorezko euskaltzainen azken izendapena 2004an egin zen, eta gaur egun 33 dira ohorezko euskaltzainak.

Iragan astean izendatutako ohorezko euskaltzain berriak honako hauek dira: Pakita Arregi eta Jose Angel Irigaray nafarrak, Gorka Aulestia eta Luis Baraizarra bizkaitarrak, Erramun Baxok eta Martzel Etchehandy baxenabartarrak, Joxe Azurmendi, Ana Etxaide, Joxemari Iriondo eta Xabier Lete gipuzkoarrak eta Joshua Fishman estatubatuarra.

Areson jaioa, Pakita Arregi Hezkuntzaren Soziologian katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Euskara irakasle aritu zen 60ko hamarkadan eta irakaskuntzan ez ezik, ikerketan ere ibilia da. Jose Angel Irigaray iruindar poeta Ez Dok Amairu taldeko partaide izan zen 60ko hamarkadan eta ibilbide oparoa jorratu du kulturgintzako arlo ugaritan.

Gorka Aulestia ondarroarrak Humanitateak, Filosofia eta Teologia ikasketak egin zituen eta Deustuko Unibertsitatean eta EHUn literatura eskolak eman zituen erretiratu arte. Luis Baraiazarra meñakar frantsizkotarra «Karmel» aldizkariko idazle eta zuzentzailea da eta lexikologia arloan egin du lan handiena.

Suhuskuneko Erramun Baxo Filosofian doktorea da, eta soziolinguistika lanak burutu ditu Quebecen eta Martzel Etchehandy Belokeko abadiaren liburuzaina eta Elizen Arteko Bibliaren itzultzailea da.

Joxe Azurmendi zegamarra EHUko Filosofia Fakultateko Filosofia Modernoan katedraduna da, eta, besteak beste, «Jakin» aldizkariaren bultzatzaileetariko bat izan zen. Ana Etxaide donostiarra Hizkuntzalaritza Orokorrean katedraduna da, eta Jakiundeko kidea.

Bukatzeko, Filadelfiako Joshua Fishman New Yorkeko Yeshiva Unibertsitateko ikerketarako katedradun emeritua da, Euskal Herrian hizkuntza-soziologiaren aita-ponteko gisa ezaguna.

Urrestillan jaioa, Joxemari Iriondo Loiolako Herri Irratian hasi zen euskarazko irratsaioak antolatzen eta ETBn ere ardura handiak izan zituen. Gainera, bertsolaritza arloan lan handia egindakoa da. Eta Xabier Lete oiartzuarra poeta eta kantari ezaguna da, Ez dok Amairu taldeko kidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo