GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Pluraltasuna ukatzeak arazoak ekartzen ditu, baita «etsaiaren» aurkako borrokan ere

Entzutera ohituak ez gauden baina gero eta ohikoagoa den azalpen batean, AEBek Bagdaden duten enbaxadoreak, Chistopher Hillek, Irakeko okupazioaren ondoren Baaz alderdiko kide guztien aurka egin zuten «garbiketa-politika» akatsa izan zela aitortu zuen atzo. Gainera, honek ondorioak izan ditu orain arte eta martxoan izango diren hauteskundeetan ere izango dituela aurreikusten du Hillek. Bere ustez, denak zaku berean sartzeak, nolabait esateko, hainbat eta hainbat suni erresistentziara bultzatu ditu, halabeharrez. Hillek salatzen duen arazoa oso zehatza da, eta datozen hauteskundeetatik atera daitekeen ordezkaritza politikoarekin du zerikusia, xiiten eta sunien arteko botere desorekak izan ditzakeen ondorioekin, alegia. Nolanahi ere, auziak badu irakurketa zabalago bat. Ikuspuntu inperialistak pluraltasuna ukatzen du, teorian bezala praktikan, bere azken helburua konkistatzen dituen lurraldeak «bere irudi eta antzera» antolatzea baita. Irakiar «demokrazia berria» horren adibide da. Gainera, ikuspuntu honi aurka egiten dioten guztiak zaku berean sartzen ditu: etsaiak dira eta kito. Pluraltasunaren ukazioak, ordea, ondorioak ditu. Eta ez dira beti konkistatzailearen mesedetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo