Julen MURGOITIO
Gainditu han, gain hemen
Nahiko arin pasatu ditut aste honek prentsan emandakoak begien aurretik, baina ez arinkeriaz gero! Bi ideia nagusi atera ditut begirada arinetik, Euskal Herriaren momentuko egoera egokia islatzen dutelakoan: Afrika eta Eliza. Bai horixe. Orain 20 urte gainditu zuten apartheida Hegoafrikan, eta inbidia onez begiratu diet urtemuga honetan. Soweto? hemen baino hobeto! Galdetu diezaiotela, bestela, takografoa euskaraz duen garraiolariari. Gainditu han eta gain dugu hemen. Aparteko apartheida gurean, Nafarroan bertan ere apartheida! Curriculum honek berez egiten du Nafarroa Euskal Herriaren parte! Apartheid aparta. Hortaz, Eliza izan dut gogoan: Jainkoa non edo non bada aparta dezala apartheiden kaliza gugandik, eta bidaia aprobetxatuz bera ere joan dadila kalizarekin, badaezpada! Tira! Afrika gogoan jelkideengatik ere. Itxura batean gobernuz kanpoko erakundea direnetik, National Geographic dute irudimen iturri. Horra lehengoan euren ahotik entzuna, lehendakariaren konpromisoak Saharan irekitako jogurt bat baino lehen iraungitzen diren kontu horrena. Ez ninduke harrituko esaera horren atzean Kaiku Afrikaren iparraldera zabaltzeko apustua egon izanak. Eliza ere gogora berriz, Jaungoikoa eta lege zaharrak baitira horien lema, itxura batean iraungitze datarik ez duena euren egutegian. Eliza ezin burutik aldendu egunotan. Nazioarteko orrietara heldu eta hara!, beheko Estatuaren burua ikusi dut Etxe Zuriko maizterraren ondoan, zertan etaotoi egiten edo. Horiena ere bada kolpea gero! urteko egun batean beren etxean otoi egin eta gainerako egun guztietan munduak duen beste muturretan otoi egiten daudenak bonbardatzeko botoia sakatu. Apenas dudan zalantzarik Jaungoikoa izan dutela otoian presente, uniformez jantzita irudikatzen badut ere, baina zalantza izpirik ez dut Jaunbehekoak izan dituztela otoian presente nagusian. Ikusi baino ez dago NASA bera ERE sartu behar izan dutela enplegu erregulazio bidean espazio-untzi batzuk okasio-salmentan jarriz. Ulertzekoa da espazioaren alaia! Eta Davosen iluminatu batzuek goizetik hasita argitze artifizialaren argian energia segurtasuna otoibide duten bitartean, Afrikatik oso gertu dugun Gazan indarrean zen azken argindar etxea itxi behar izan dute hotzaldiaren erdian erregai faltaz. Eliza gogoan: Kawen...! eta monarkia!