ARGIA Andoni Mujika
Gora poloa
Ume-arotik, nire abertzaletasun-bidean gida izan ditudan ametsak zalantzan jartzen dituzte eragile «abertzale» batzuek. Beti dago zerbait, beti dago aitzakiaren bat, oztoporen bat abertzaleon batasunerako, salto kualitatiboetarako. Bietako bat: edo eragile hauek ez dira abertzale edo euren txiringoa helburuaren gainetik jartzen dute. Egia da prozesuak ez direla norberaren etika guztietara egokitzen; egia da poloaren bultzatzaileek ere izan dezaketela euren polotxoa errentabilizatzeko tentazioa, eta baita, «mendekuetarako» gogoren bat ere. Baina abertzaleok albisteak daukan potentziala kalibratzera deituta gaude. Esango nuke hori dela begiratu behar dena batez ere. Uste dut prozesua ez dela inmakulatua izango, halere uste dut aitortu behar dela ilusioa pizteko eta hegemonia minimoa sortzeko daukan sedukziorako indarra. Eta bestetik, katalizatzailea da: bat, abertzaleen arteko batasunak herri honetan sortzen duen ilusio historikoarekin eta bi, izpiritu abertzale latentearekin. Gauza batzuk ez dira lupaz begiratu behar, ezta betaurrekoz ere. Begibistakoaren eskalan daude. Zazpiak baterantz hurbiltzen edo urrutiratzen gaituzten da kalkulu printzipala; abertzaleentzat, jakina.