DEIA Rikardo Arregi 2010/2/3
Erretiroa
(...) badirudi 67 urtekoa ez dela txarrena, ikusgarriena bai, baina azpitik kotizazio urteak dabiltza estoldetan, erretiro-sariaren gutxitzea eta profanoek, jakina, ulertzen ez ditugun beste kontu oso garrantzitsu eta konplexu batzuk: estatistikak egiten dituen aurreikuspenak, erretiratuen kopurua 2050 urtean, Seguritate Sozialaren zenbakiak eta abar. Profanoek ez dugu ezer ulertzen, jakina, baina gure poltsikoek den-dena ulertzen dute.
Adituek esaten digute komenigarria dela zalantzarik gabe erretiratzeko unea gerorako uztea, apur bat, besterik ez, ekonomia dela, krisia dela, asko eta primeran bizi garela, 67 edo 70 urterekin eskarmentu handia dugula, senatari (hitzaren zentzurik hertsienean) izan ahal garela, gizarteari asko eman ahal diogula oraindik, erretiroa benetan kondena besterik ez dela, eta abar. Nik uste dut iruzur eskerga dela dena. Txarrena da guk sinetsi egiten diegula. Lagunartean, lanean eta supermerkatuan soldata miserableak eta lan jarduera nekosoak dituzten asko eta asko iruzurra irensten hasi dira, hasi gara. Aditua eta adituaren diskurtsoa barne-barnean daramagunez fatalista bilakatu gara guztiok, eta errebeldeari demagogo deitzen zaio.
Sindikatuak? Ezkerra? Garai hauetan ezker-eskuin banaketa zahar horrek zirkulazioa arautzeko bakarrik balio duela ematen du, eta zirkulazio arauetan eskuinak du beti lehentasuna (ezkerraren nostalgikoak Ingalaterrara joan ahal dira bizitzera).
Esaten digute osasuntsu eta eder egongo garela 67 urterekin, gure bizitzaren gailurrean, neurona guztiak abiadura handian eta medikuntza ondoan gu laguntzeko badaezpada. Hala bedi. Nik ez dut ezer sinesten, baina senatari izendatzen banaute, eta toga bat (zuria, purpurazko apaingarriekin) eman Seguritate Sozialaren kontura, oda politak idatziko nizkioke esklabotasun berriari.