GARA > Idatzia > Kultura

«Azken Urratsa» dokumentalaren filmazioa amaitzen ari dira

Atzo Guadalupeko gotorlekuan izan ziren «Azken Urratsa» dokumentaleko langileak, azken filmazio bat egiten. Hainbat pertsona nazien eskuetatik salbatu zituen Comète sarearen historia kontatzen du lanak eta Moztu Filmak etxearen proiekturik handiena da.
p058_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Azken Urratsa» dokumentala iraganera bueltatzen da, orain 60 urte baino gehiago Urruñako baserri batean bost herrialdetako sei lagun atxilotu zituzten gaura. Pertsona bakoitzaren istorioaren haria jarraituz, II. Mundu Gerran ehunka lagunek osatu zuten ihesbide sarearen historia azaltzen du. Enara Goikoetxea eta Iurre Telleria dira zuzendariak, eta atzo Guadalupen izan ziren biak filmazio lanetan. Telleriak azaldu zigunez, filmazioak hagitz ongi doaz eta gauza politak ateratzen ari dira.

2005etik ari dira dokumental honetan lanean eta 2008an hasi ziren jada serio grabatzen. Tarteka egin dituzte grabaketak: elkarrizketak aukera zegoenean eta dirua lortzen zutenean egiten joan dira, euren pertsonaiak hagitz helduak baitira eta ezin baitzuten filmatzen hasteko proiektu osoa izan arte itxaron. Ikertzen eta jendearekin harremanetan jarraitu dute etenik gabe. Ingalaterran, Belgikan, Estatu frantsesean eta Austrian izan dira filmatzen eta bukaerarako utzi dituzte berreraikuntza historikoak. Hori da orain egiten ari direna: Guadalupen, Lesakan, Oiartzunen, Baionan, Aiako Harrietan, Bidasoan... Gogor ari dira lanean.

Gero, pare bat elkarrizketa bukatzea gelditzen zaie. Dagoeneko hasi dira muntatzen eta dokumentala uda hasierarako bukatzea espero dute. Muntatu bitartean, noiz eta non aurkeztuko duten pentsatuko dute. Zinemaldietan aurkeztu nahiko lukete, zinematan ere estreinatu, aurrerago telebistetan eman...

Moztuk bertze dokumental proiektu batzuk ere baditu, baina hau da handiena eta nazioartekoena. Belgikarekin ari dira koprodukzioan eta Estatu frantsesarekin ere bai. Historiak leku anitzetara eraman ditu eta denbora anitz eskatu die.

«Lana oso polita da. Dokumentazioan zailena noiz gelditu jakitea da. Oraindik dokumentu berriak aurkitzen ari gara. Hain kantitate itzela da! Baina laguntza handia izan dugu, Juan Karlos Jimenez de Aberasturi historialariarena eta Ingalaterran eta Belgikan egindako lagunena, batzuk aipatzeagatik. Beste sare bat sortu dugu dokumentala egiteko orduan. Eta oso aberasgarria izan da, jende pila bat ezagutu dugu, oso jende desberdina. Bai, oso proiektu polita izan da, eta izaten ari da oraindik, eta izango da! Comète sarearen familian sartu gara eta dagoeneko ezin gara atera», kontatu zuen Iurrek.

Bost bertsio eginen dituzte: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, flandeseraz eta ingelesez.

Ficha

Título original: `The Princess and the Frog'.

Guión: Ron Clements, John Musker y Rob Edwards, sobre un cuento de E. D. Baker.

País: EEUU, 2009.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo