KRONIKA Mobilizazioa Baionan
555 giza-katebegi, EHLGren aurkako jazarpena behingoz geratzea exijitzeko
Eguraldi desatsegin eta euritsuak eguerdi aldera eskainitako pausaldia ondo baino hobeto baliatu zuten Euskal Herriko Laborantza Ganberaren (EHLG) sostenguz, atzo Baionan bildutako ehunka lagunek.
Arantxa MANTEROLA
Rene Cassin, 1948an Giza Eskubideen Adierazpenaren egilearen jaiotetxea abiapuntu hartuta suprefetura helmuga zutela, ordu erdi pasatxo igaro zen ibilbidearen kilometro erdia jendez betetzerako.
Adin guztietakoak, familia ugari haurrekin eta ia kolore politiko guztietako hautetsi eta politikariek, eskuz esku hartuta, ilara amaigabea osatu zuten. Kulturgintzako, sindikalgintzako (ELB, CGT, LAB, CFDT...) eta gizarte mugimenduetako ordezkari ezagunek ere parte hartu zuten, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako premiei eta berezitasunari egokitutako laborantza motaren alde orain bost urte sortutako elkartea sostengatzeko mobilizazioan.
Jendeak osatutako suge bitxiaren tartean, EHLGren aurkako eraso juridikoa geldiarazteko leloak ikus zitezkeen bai euskaraz bai frantsesez pankarta ugaritan: «Bakea emazue EHLGri», «EHLGren kontrako jazarpena gelditu orain!», «Elkartze askatasunarekiko errespetua».
«Oinarrizko askatasunak akabatzeko» Estatuaren ordezkarien jokaera salatuta, elkartze eskubidea izan zen, hain zuzen ere, Christian Desprez Ipar Euskal Herriko LDHko (Giza Eskubideen Liga) bozeramaileak exijitu zuena giza-katea hasi aitzin. Stephane Hesselek, Cassinekin batera 1948an Eskubideen Karta idatzi zuenak, EHLGri hitzokin helarazitako atxikimendua ere nabarmendu zuten: «Pertsona orok badu bakean biltzeko eta elkartzeko eskubidea. Demokrazia guztietan oinarrizko balioa den elkartzeko askatasunaren aurka doa EHLGren kontrako jazarpena».
Philippe Rey Pirinio Atlantikoetako prefetak joan den ostegunean irrati batean egindako adierazpenak entzun ahal izan zituzten bertan bildutakoek. Ganbera hitzaren frantseseko itzulpenari lotu zitzaion prefeta, legearen arabera, departamendu bakoitzeko Laborantza Ganbera bakarra egon behar dela gogorarazteko.
prefeta, «gezurretan»
Alta, arazoa izendapenean datzala esatearekin, prefetak «herritarrengan nahasmendua» sortzea bilatzen duela erantzun zioten EHLGko ordezkariek: «Gezurretan ari da, argi baino argiago azaltzen baita epailearen mandatuan bertan izendapena ez ezik, EHLGren antolakuntza eta jarduerarengatik ere auzipetu dituztela Mixel Berhokoirigoin eta elkartea».
Otsailaren 18an Pauen izango den epaiketara joateko autobusetarako izena emateko mahaietara trumilka inguratu zen jendea hitzartzeak amaitu eta giza-kateari ekin aurretik.
Atzo bezala, egun horretan ere -«eta behar diren egun guztietan» barnealdetik etorritako laborari batek zioen moduan-, elkartzeko eskubidearen eta EHLGren defentsan eguraldi txarrari, presio guztiei eta prefeten «jokamolde probokatzaileari» aurre egiteko prest daudela erakutsi zuten Lapurdiko hiriburuko espaloietan lerrokatutako 555 lagunek.