GARA > Idatzia > Kirolak> Osasuna

Bolada onari jarraipena emateko asmoz

Euforia kanalizatuz, ondoz ondoko laugarren garaipenaren bila

Osasunak aukera bikaina dauka bolada onari etekina atera, eta sailkapeneko egoera are gehiago lasaituko lukeen beste garaipen bat lortzeko. Aurrean behar handiak dituen Tenerife izango da. Jose Luis Oltraren taldeak ez du oraindik partidarik irabazi etxetik kanpo.

p046_f02_ona.jpg

Koldo AKORDARREMENTERIA

Osasunak azken neurketetan lortu dituen emaitza positiboek zaleen hizketaldi baikorrak eragin dituzte. Poza da jarraitzaileei sumatzen zaien sentimendu nagusia, nahiz eta euforiak ere bere lekua hartu duen taberna zuloetako berriketa alaietan. Euforia baikortasuna da berez; gauzak ongi ateratzen direnean, eta osasun-maila egokia dagoenean, barne-barnetik ateratzen den sentsazio gozoari eransten zaion kontzeptua da, zehazki. Ordea, hiztegiari hitzez hitz erreparatuz gero, konturatuko gara eranskin txiki bat daukala definizioak bukaera aldean; izan ere, baliteke euforia hori sendagai eta bestelako produktu artifizialak hartu ostean sortu izana.

Kontuak kontu, ez da harritzekoa lorturiko emaitza onek sortu duten haize freskoak nafarren animoak goratu izana. Azken hiru neurketetan garaipena eskuratu ostean ¯horietako bi etxetik kanpo, gainera¯ talde gorritxoak aspaldiko marka berdinduko luke. Hala, hiru urte atzera jo beharko genuke ¯2006ko abendura, hain zuzen ere¯ talde gorritxoaren ondoz ondoko lau garaipen ikusteko.

Kasu hauetan logikoa den bezala, Osasunako jokalari eta entrenatzailearen diskurtsoek ez dute aldaketarik izan, ez edukian, ez eta tonuan ere. Denboraldi hasieran esandakoari eutsiz, oraindik ere «mailari eustea» da helburu nagusi eta bakarra talde nafarrean. Bide horretan, eta gaur hasita, etxean indartsu aritzea eta bertatik ahalik eta puntu gutxien ihes egiten uztea da guztiek buruan duten muga. «Lehendabizi 42 puntuak bermatu, eta gero gerokoak», izango litzateke honen guztiaren sintesia.

Tenerife, baina, ez da aurkari erosoa izango. Jose Luis Oltraren taldeak hiru puntu baino ez ditu lortu azken zazpi neurketetan, eta jaitsierako postuetatik atera ezinik dabiltza. 11 punturekin dagoen Xerez da sailkapenean atzetik daukaten talde bakarra; hortik atera kontuak. Gainera, hogei jardunaldi igaro badira ere, Tenerifek ez du oraindik garaipenik lortu etxetik kanpo. Zaurituta dauden animaliak izan ohi dira beti arriskutsuenak.

«Lehen garaipena helburu»

Nola ez, talde kanariarreko entrenatzaileak Iruñean jokatzearen zailtasunak aipatu zituen: «Jokalari zein zaleek asko presionatzen dute. Intentsitate handiz aritzen dira, eta azken emaitzek dinamika positibo baten barnean sartu dute taldea», esan zuen. Hala ere, «baikortasunez» begiratzen dio gaurko norgehiagokari, «aukera bikaina delako inertzia apurtu, eta behingoz egoera beltz honetatik ateratzeko». Badirudi, Omar Ramos jokalari bizkorra ere guztiz sendatu dela, eta partidan sartzen bada, tentuz ibili beharko dute nafarrek ezkerraldetik egin ditzakeen erasoaldiekin.

Horrez gain, entrenatzaile valentziarrak jarraikortasunean ikusten du garaipena lortzeko beste xedea: «95 minututan zehar errendimendu bera eman behar dugu, orain arte 60 edo 70 minutu iraun baitugu maila onean».

Aranda berriro ere taldean

Ez da ahaztu behar, denboraldi hasieran, talde gorritxoak porrota ekarri zuela Tenerifetik, 2-1eko emaitzarekin. Gainera, Oier Sanjurjok, Ludovic Delportek eta azken asteetan sekulako jokoa erakutsi duen Juanfranek ezin izango dutela jokatu. Haatik, berri onen artean kokatzen da Carlos Arandaren itzulera.

Gauzak horrela, malagarrak eta Pandianik sortzen duten bikoteak buruhauste bilakatu behar luke defentsa kanariarrarentzat. Tenerifek 39 gol jaso ditu 20 neurketatan, eta Ligako atzeko lerrorik ahulenetakoari etekina ateratzea da talde gorritxoak gaur burmuinean izan behar duen ideia bakarra.

 
osasuna-tenerife
«Tentsio defentsiboa izan behar dugu»

Azken partidetan lorturiko emaitza onek jokalarien kontzentrazioa desbideratu dezaketela pentsatuz, Jose Antonio Camachok «defentsako tentsioa» eskatu die gorritxoei. «Soilik eraso eginez irabaziko dugula pentsatzen badugu, oso oker gabiltza. Partida hauek erantzukizun defentsiboagatik irabazten dira. Egia da etxean jokatzen dugula, eta segur aski aukera gehiago ere izango ditugula, baina asteko lanak ahazten baldin baditugu, akabo», gaineratu zuen.

Azken finean, gehiegizko konfiantzak kezkatzen du entrenatzaile murtziarra. «Liga honetan sekulako berdintasuna dago, eta ez zaio kasu handirik egin behar sailkapenak dioenari. Horregatik, era honetako partidetako puntuak Real Madril edo Bartzelonaren aurka lor daitezkeenak baino baliotsuagoak dira», adierazi zuen.

Tentsioa eta mentalitatea. Bi horiek izan ziren murtziarraren ahotik gehien atera ziren hitzak. «Irabazteko gogoz atera behar dugu, baina ezin da errepikatu Racing-en aurka gertatutakoa; jokatu aurretik irabazia genuen, eta partidako 10. minuturako galduta», bota zuen. Azkenik, Juanfranen baja «gauza normal bezala» hartu behar dela esan zuen, «halakoak beti gerta baitaitezke».

K.A

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo