Astearteko jantzia igandean luzitzeko modukoa izango ote den galdezka
A. G.
«Astearteetako taldeak lan itzela egiten du», bota zuen Fotis Katsikarisek Panelliniosen aurkako partidaren osteko prentsaurrekoan. Bada, ikusi egin behar igandeetan luzitzeko behar besteko dotorezia duen ala ez astearteetako jantzi horrek.
Orain arte itxura zarpail eta arlote samarra eman du talde bilbotarrak asteburuetan, baina gaur eguerdiko hitzorduak itxura hobea emateko moduko aukera eskaintzen du. Jaume Ponsarnauren Manresa etxetik kanpo asko galtzen duen horietakoa da. «Manresaren aurka ez dago irabaztea beste aukerarik», berretsi du Katsikaris berak.
Antsietatearen aurkako pilula
Ligako azken neurketetan antsietateak ez dio bakerik eman talde bilbotarrari. Horren aurka «borrokan jarraitu» behar dela dio entrenatzaile bizkaitarrak.
«Presioak uztaia txiki bihurtzen du, baina gogor defendituz gero, aukerak hor izango dira. Gure unea iritsi arte pazientzia izatea beharrezkoa da», gaineratu zuen.