Arabako Koadrilen arteko Bertso Txapelketa, herri izaerari heltzeko
Arabako Bertsozale Elkarteak bere aurtengo apustu garrantzitsuena aurkeztu zuen atzo: Koadrilen arteko Bertso Txapelketa. Eskualdeka osatutako taldeetan bertsolari eta bertsozaleak elkartu eta herrien eta eskualdeen arteko lehiaketa antolatu dute. Guztiek gozatzeko.
GARA |
«Zer gertatuko litzateke Arabako Bertsozale Elkarteak AbTx, urteroko bertsolari txapelketa, bi urtean behin antolatuko balu? Eta tarteko urte horretan taldekako txapelketa bat antolatuko balu?
Eta bertan sekula aritu ez diren bertsolari, gai-jartzaile eta epaileek parte hartuko balute era herrikoi eta ez hain formal batean?
Eta txapelketa honen finala Printzipal antzokian egin beharrean Gasteizko Alde Zaharreko frontoian bertso bazkari forman egingo balitz, festa handi baten gisan?
Eta...?
Galdera hauek erantzun nahian, bertsolaritzak daukan herri izaerari helduz, Araban daukagun sarea handitu nahian... 2010erako Koadrilen arteko Bertso Txapelketa antolatu dugu».
Hala hasi zuten atzo prentsaren aurrean aurtengo txapelketaren aurkezpena. Iazko leloa ekarri zuten gogora, «Sustraiak errotuz», hori izan delako Bertsozale Elkartea sortu zenetik esku artean izan duten erronkarik handienetako bat. «Bertsolaritza Gasteiz eta Aiara aldean bakarrik zen ezaguna. Baina gaur egun, herrialde osoan lantzen da ikastetxez ikastetxe», azaldu zuten. Behin sustraiak errotuta, hazteko garaia iritsi dela deritzote. Eta horretan laguntzeko asmoz prestatu dute aurtengo txapelketa berezia.
Inoiz aurkeztu ez diren bertsolariak aurkeztea nahi dute, gai jartzaile berriak trebatuko dira eta epaile berriak sortuko dira. Auzolanean arituz, guztiek gozatzeko moduko festa handi bat egin nahi dute, bertsolaritzaren sare soziala hedatzeko, bertso-eskolak bultzatzeko, herriak eta eskualdeak aktibatzeko, Araba bertsotan ipintzeko.
Taldeak
Bederatzi talde arituko dira bertsotan: Aiaraldeko talde bat, Zuia-Gorbeialdeko hiru (Aramaio, Legutio eta Urkabustaiz), Lautadako beste bat, Gasteizko hiru eta Errioxako bat.
Talde bakoitzean hiru bertsolari egongo dira gutxienez eta sei gehienez. Eta haiez gain, gai-jartzaileak, epaileak, idazkariak, soinu-ekipoko arduradunak, argazkilariak eta kazetariak, sukaldariak eta trikitilariak izango dira. Hiru liga prestatu dituzte: Zuia-Gorbeialdekoa, Ale Liga eta Gasteizkoa. Kanporaketetan, liga bakoitzean hiru taldek kantatuko dute afari formatuan eta irabazleek finalerdirako txartela eskuratuko dute. Hemen, hiru talde arituko dira elkarren aurka jaialdi banatan. Eta, azkenik, sailkatutako lehenengo bi taldeek jokatuko dute finala, Gasteizko Auzolana pilotalekuan egingo duten bazkarian. Otsailaren 19an emango ditu txapelketak lehenengo urratsak, eta maiatzaren 8an ailegatuko da helmugara. www.bertsozale.com-en informazio osatua eta eguneratua emango dute.
Txapelketa berezi honekin, herriko bertsogintza zabaldu nahi dute. Eskolak indartzen, berriak sortzen eta kantura, antolaketara, gaiak jartzera eta epaitzera jende berria animatzen saiatuko dira.
Gareseko udaletxeko erabilera anitzeko aretoa leporaino bete zen atzo Nafarroako Bertsolari Txapelketako laugarren eta azken final-laurdenean. 150 bat lagun bildu ziren giro hagitz politean. Saio irregularra izan zen. Zortziko handiko ariketan ez zuten sobera asmatu; ttikikoan, berriz, lan polita egin zuten sei bertsolariek eta publikoak anitz txalotu zituen. Kartzelan ale politak utzi zituzten. «Telebistako makillaje gelan zaude. Hamar minutu barru egingo dizute elkarrizketa» zen gaia. Xabier Terrerosek, adibidez, poliki kantatu zuen Zapateroren paperean. Estitxu Arozenak 407 puntu eskuratu zituen; Eneko Lazkozek 386; Terrerosek 382; Jon Elizetxek 367,5; Alazne Untxalok 333; eta Ioar Taintak 318. Beraz, honako bertsolariak izanen dira finalaurrekoetan: Julio Soto, Iñigo Olaetxea, Jon Barberena, Arkaitz Goikoetxea, Xabier Legarreta, Ander Fuentes «Itturri», Estitxu Arozena, Julen Zelaieta, Oier Lakuntza, Eneko Lazkoz, Iñigo Ibarra, Xabier Terreros, Oskar Estanga, Iñaki Aleman, Jon Elizetxe, Aimar Karrika, Migel Mari Elosegi «Luze» eta Saioa Alkaiza. Hurrengo hitzordua, otsailaren 20an, Etxarri Aranatzen. GARA
Bertsolarien eta bertso-eskolen arteko harremana bultzatu nahi dute, baita belaunaldien artekoa ere. Datorren urterako oinarria jarri nahi dute, eta eskualdeetako eta herrietako taldeekin batera bideak urratu.